XXVIII. Jazzber, jazzik onena Bermeon
2026-06-26 10:59 MusikeaBermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak atondutako jaialdia.
Bermeo jazzaren topagune bihurtuko da garagarrilaren 1etik 3ra. Hiru kontzertu eskainiko ditue Kafe Antzokian, 20:30ean, doban.
Jaialdiak generoaren aniztasuna eta gaur egungo joerak erakutsiko ditu, Euskal Herriko zein nazinoarteko musikarien proposamenakaz. Jazzberrek, urteetan zehar, erreferentziazko hitzordu izatea lortu dau eskualdean, eta aurten be musikazaleei esperientzia aberatsa eta kalidade artistiko handikoa eskaintzeko prest dator.
Jazzber jaialdiaren helburuak dira jazz musikea herritarrei eskaintzea, hurbiltzea, zaletasuna eta ezagutzea sustatzea, eta genero horretako joera barriak ezagutarazotea.
Egitaraua
- Garagarrilak 1, eguaztena: Itxaso Quartet taldeak Gaztelugatxe aurkeztuko dau, Moskito Rekords zigiluagaz argitaratutako Itxasoren bakarkako bigarren lana. Albumak artista bizkaitarraren uniberso musikalera hurbiltzen gaitu, leku ezagun eta intimo batetik abiatuta.
Zortzi kantuko diskoan, ahots handien errepertorioko abestiei heltzen deutse Itxasok, besteak beste, Abbey Lincolnen Throw it away edo Marilyn Bergman, Alan Bergman eta Johnny Mandelek osotutako Solitary moon piezeari. Horrezaz gan, Mikel Laboa, Juan Carlos Perez eta Natxo de Feliperen abestiak be jasoten ditu: Gure hitzak, Lau teilatu eta Gaztelugatxe. Bersioek jatorrizko piezen esentzia gordeten dabe baina ikuspegi barritu eta freskoagaz.
- Garagarrilak 2, eguena: Frame Frame, 2025ean Bolonian sortutako jazz laukotea da. Taldekideek Boloniako Konserbatorioan egin eben lehen topaketea eta ordutik aurrera alkarren arteko kidetasun musikal eta emozionalak buztartu zituen.
Taldearen proposamenak entzulea soinu-paisaje barrietara eroatea dau helburu, inprobisazinoa, soinua eta alkarreragina izanik oinarrizko elementuak. Jatorrizko konposizinoen bidez, jazzaren tradizinoari eusten deutse baina aldi berean musika modernoakaz lotura barriak eta bestelako adierazpideak esploretan ditue. Framek soul-jazza eta freea, groove eta hard bopa buztartzen ditu, dinamika erritmiko handiko eta aberastasun harmonikoko proposamen sortzaile eta indartsua osotuz.
- Garagarrilak 3, barikua: Saul Andreu Quartet. Lau lagun eta musikarien arteko alkarlanetik sortutako taldea da. Euren konposizino propioen eta sormenaren bidez, musikearen bitartez berbek adierazo ezin dabena transmitiduteko kapaz dira.
Taldekideen arteko konexinoak entzulea erraz sartzen dau proposamen musikalaren barruan eta jazzaren inguruko hainbat eragin buztartzen ditue: funkya, soula, musika latindarra eta erritmo afro-kubatarrak, besteak beste.
Jazzber jaialdiak, beraz, aukera parebakoa eskaintzen dau jazzaren lengoaia ezagutzeko, joera barriak deskubriduteko eta zuzeneko musikaz gozetako. Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak herritar guztiak animetan ditue hiru egun honeetan Kafe Antzokira hurbildu eta kalidade handiko jazzaz gozetako.
Bermeoko Udalak eskerrak emoten deutse urte honeetan guztietan jaialdia posible egin daben atontzaile, laguntzaile eta parte- hartzaile guztiei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
