'Euskaraz!': Bilbao BBK Live Jaialdiaren 20. urteurrenak uria hartuko dau
2026-06-26 07:46 Euskerea berbagaiEuskerazko musikearen ospakizun handi bat iragarri dabe hilaren 12rako.
Bengo, Eider Saez, Korrontzi, XSakara, Artean eta Afrika Bibang izango dira garagarrilaren 12an Bilboko erdiguneko hainbat gunetan egingo dan dobako jardunaldi honetako protagonistak: Isozaki Torreen ingurua, Arenal Kioskoa eta Albia Lorategiak tokiko sorkuntzeari eta euskal eszenako ahots barriei eskainitako programazinoa hartuko dabe egun horretan.
Euskerazko musikeak leku nabarmena izan dau beti Bilbao BBK Live jaialdiaren hamarkada bitako historian. Orain EUSKARAZ! aurkezten dau, datorren garagarrilaren 12an Bilboko erdigunea euskerearen, zuzeneko musikearen eta tokiko sorkuntzearen inguruko dobako ibilbide bihurtuko dauen proposamen barria, uriko hainbat gunetan sei kontzertu eskainiko dituan egitaraua. EUSKARAZ! jaialdiaren 20. urteurrena ospatzeko atondutako programazino bereziaren parte da, eta BAI! zinema-zikloa, Herrian, Hirian, Mendian, Bilbao Jokoan, Bereziak eta Calle Latina lako ekimenakaz bat egiten dau.
Gure hizkuntzeak belaunaldi zein ikuspegi asko batzeko dauen gaitasuna eta honen balioa ardatz, EUSKARAZ! ekimenak euskerea sorkuntza artistikorako eta ospakizun kolektiborako tresna lez aldarrikatu nahi dau. Garagarrilaren 12an, arratsaldean, 16:45etik 21:00etara, Isozaki Torreen gunea, Arenaleko Kioskoak eta Albia Lorategietan euskal eszenako ahots nabarmenetako batzuk batuko dira. Hiru gune horreek Bilbao BBK Live jaialdiaren iruditeriagaz eta uriaren erdiguneagaz lotura estua dabe.
Ekimen honetako kartel eklektikoak euskal eszenako artista finkatuak zein gorantz doazen protagonistak batuko ditu. Programazinoa 16:45etan hasiko da Isozaki Torreetan kokatutako agertokian, Korrontziren eskutik; gaur egungo euskal musika tradizionalaren erreferente nagusietako bat da, eta jantzariek protagonismo berezia izango dabe oholtzan. Ondoren, 18:30ean, Bengo izango dogu oholtzan, euskal pop barriaren ezinbestekoa. 17:45ean musikea Albia Lorategietan be hasiko da, XSakara bermeotarraren eskutik. Programazinoko proposamen bihurrienak belaunaldi oso baten ereserki bihurtu diran kantuak ekarriko ditu, eta ondoren, 19:15etan, Eider Saezen, popa, rocka, sentiberatasuna eta gertutasuna buztartzen dituan bere estiloagaz. Arenal Kioskoan kokatutako agertokiak Afrika Bibangen kontzertua hartuko dau 18:30etan; diziplina anitzeko artista honek soula, funka eta afro doinuak buztartzen ditu ikuspegi personal eta konprometiduan oinarrituta. Domeka arratsaldeko azken emonaldia Arteanen eskutik etorriko da 20:00etan, tokiko eszenan etorkizunean handi izango danaren txandea, talde emergenteetako baten eskutik.
EUSKARAZ! ekimenaren bidez, Bilbao BBK Livek azken hamarkada bitako jaialdiaren nortasunaren parte izandako ardatzetako baten aurreko konpromisoa berresten dau: euskerearen sustapena eta tokiko sorkuntzearen aldeko jarrerea. Biak be oinarrizko tresnak dira zuzeneko musika eta arteak modu edegi, partekatu eta lurraldearenzein bertako komunidadearen arteko lotura ulertzeko.
Bilbao BBK Liveko arontzaileek eskertu egin ditue Bilboko Udalaren, BBK Banku Fundazinoaren, Kutxabanken, San Miguelen eta Gaztea hedabide kolaboratzailearen babesa, baita EUSKARAZ! aurrera eroatea ahalbidetzen duaben beste babesle eta ginerako erakunde laguntzaileen ekarpena be. Bestalde, Eusko Jaurlaritzeak Jauzia Gara ekimenaren bitartez babestuko dau EUSKARAZ!, helburu hartuta euskerearen erabilera soziala eta hizkuntzen arteko hartu-emon, aisialdi eta kultura-gune barrietara hurbiltzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
