'Bereziak' ekimenak Bilbon eskainiko ditu kontzertuak

Bizkaie! 2026-06-25 12:46   Musikea

Bilbao BBK Live Jaialdiaren 20. urteurrena ospatzeko.

Belén Aguilera, Ana Curra, Merina Gris, Las Petunias, Lablackie, Raly, Gara Durán, joseluis eta askoz artista gehiagoren kontzertuak izango doguz Bilboko hainbat gunetan garagarrilaren 9tik 11ra. José Gonzálezek ekingo deutso programazinoari garagarrilaren 8an Guggenheim Bilbao Museoan, sarrera guztiak saldu ostean.

2011tik, Bereziak ekimenari esker Bilbao BBK Live Jaialdiaren espiritua uriaren bihotzera zabaltzen da musikea uriko hainbat gunetara hurbiltzen daben kontzertugaz. Jaialdiaren 20. urteurrenean: Bilbo ospakizunaren parte aktibo bihurtuko da, uriaren indarra Kobetamendiko tontorragaz konektauta eta jaialdiaren nortasunaren parte diran hartu-emonak indartuta.

Bereziak ekimenak musikearen, kulturearen eta aniztasunaren konpromisoari eusten deutso, eremuaren mugak gainditzen dituan eta herritarrakaz bat egiteko gune barriak sortzen dituan programazinoaren bitartez. Hogei urteko historia ospatzeko modu berezia da, jaialdia uriagaz konpartidu eta zuzeneko musikea plazetara, aretoetara, gune berezietara eta, aurten, itsasadarrera be eroanda.

Garagarrilaren 8an hasiko da hitzordu berezi bategaz: José Gonzálezek Guggenheim Bilbao Museoan eskainiko dau kontzertua, sarrera guztiak saldu ostean. Artista suediar-argentinarra folk garaikidearen erreferente da, eta Bereziak kontzertuen inaugurazinoan ibiliko da uriko gune enblematikoenetako batean, musikea, arkitekturea eta memoria urbanoa bat eginez, Bilbao BBK Live jaialdirako oso esanguratsuak izango diran egunen hasierea markauta.

Hilaren 8an, eguaztenean, José Gonzálezek Guggenheim Bilbao Museoan eskainiko dauen kontzerturen ondoren, Bereziak programazinoaren dobako lehen hitzordua garagarrilaren 9an, eguenean, izango da BBK Aretoan. Bertan izango da Belén Aguilera 13:00ean bere pop intimo eta autobiografikoa urigunera hurbilduko dauen eguerdiko hitzordu honetan.

Hilaren 10ean, programazinoa Bilboko hainbat tokitara zabalduko da. Arenaleko Kioskoan egongo dan San Miguel agertokian Baliza pop-rock talde barriak joko dau 12:30ean eta Ana Curra, barriz, 14:00etan, Parálisis Permanente taldearen omenezko diskoa zuzenean aurkezten. Albiako lorategietako Johnnie Walker agertokian Las Petunias beti dibertigarri eta zuzenak 14:30ean hasiko dira, eta Isozaki Torreetako Vueling agertokian, barriz, Raly gazte maratonianoaren txandea izango da 15:00etan. Barrikuntzea da Azulmarino agertokia itsasadarrera aldatzea, itsasontzi formatuan, jaialdia uretatik aktibauta esperientzia dinamikoan; Bilboko Udala, Zubizuria, Guggenheim Museoa edo Iberdrola Torrea lako guneetan zuzeneko musikea izango da: Gara Durán pop promesa barriak kontzertu bi eskainiko ditu, bata 12:30ean eta bestea 14:00etan, formatu berezian eta edukiera txikiagaz.

Garagarrilaren 11n, uriak musikaz beteta jarraituko dau doban izango dira kontzertu gehiagogaz. Arenaleko Kioskoaren inguruko San Miguel agertokian, Calequi y Las Panteras taldeek joko dabe 12:30ean, funk eta erritmo latinoak fusionauta, eta Merina Gris taldea 14:00etan, bere elektronika punk edo dana dalakoagaz. Albiako lorategietako Johnnie Walker agertokian, Las Bajas Pasiones taldearen pop eta rap nahasketea 13:00ean hasiko da, eta SVSTOren darkineoa, barriz, 14:30ean. Isozaki Torreetako Vueling agertokian, Teo Lucadamo eklektikoa 13:30ean eta Lablackie 15:00etan izango dira. Azulmarino agertokia itsasadarrean barrena ibiliko da barriro joseluisen folklore barritzaileagaz; emonaldi bi eskainiko ditu, 12:30ean eta 14:00etan.

Euskaraz!

Lau egunetan musikeak Bilboko hainbat espazio okupau ostean, programazino bereziak hurrengo egunean, hilaren 12an, jarraituko dau Euskaraz! ekimenagaz, euskereari eta hizkuntza gitxituei balioa emoteko eguna izango da, Bilbao BBK Live jaialdiaren 20. urteurrenaren ospakizunari amaiera sinbolikoa emonez.

Bilbao BBK Live jaialdiak Bilboko Udalaren babesa dauka, beste erakunde batzuekaz batera.

Bereziak

  • Garagarrilaren 8an, José González, Guggenheim Bilbao Museoan, 22:00etan (Agortuta).
  • Garagarrilaren 9an, Belén Aguilera, BBK Salan, 11:00etan.
  • Garagarrilaren 10ean, Baliza (12:30) eta Ana Curra (14:00), San Miguel agertokian, Arenaleko Kioskoaren inguruan.

Johnnie Walker agertokian, Albiako lorategiak, Las Petunias (14:30).

Vueling agertokian, - Isozaki Torreak, Raly (15:00)

Azulmarino agertokian, - Bilboko Itsasadarrean, Gara Durán (12:30ean eta 14:00etan)

  • Garagarrilaren 11n, San Miguel agertokian - Arenaleko Kioskoaren inguruan:

12:30 Calequi y Las Panteras.

14:00 Merina Gris.

Johnnie Walker agertokia - Albiako lorategietan:

13:00 Las Bajas Pasiones.

14:30 SVSTO

Vueling agertokian - Isozaki Torreak:

13:30 Teo Lucadamo.

15:00 Lablackie.

Azulmarino agertokian, Bilboko itsasadarrean:

12:30 / 14:00 joseluis.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu