39. Bilbao Metal, Pop-Rock ezagunean Bilboko eta Bizkaiko 16 talde eta artista batuko dira

Bizkaie! 2026-06-25 11:43   Musikea

Abuztuaren 22tik 29ra, sarrera libreko zortzi kontzertu-saio bikotx izango dira.

Programazinoak askotariko musika-estiloak batuko ditu, besteak beste, pop-rocka, soula, bluesa, garage rocka, elektronikea, euskarazko rocka, heavy metala eta groove metala.

Bilboko Udaleko Gazteria Sailak atondutako VillaSound 2026 lehiaketako Aste Nagusia Saria irabazi dauen Izena taldeak be aurtengo kartelaren barruan joko dau.

La Muestra Bilbao Metal, Pop-Rock Aste Nagusiak barriro be Bilborock Aretoa tokiko musikearen erakusleiho nagusietako bat bihurtuko dau. Aurtengo udan, ekimenak 39. edizinoa beteko dau, abuztuaren 22tik 29ra bitartean Bilborock Aretoan egingo diran zortzi kontzertu-saio bikotxetan banatutako 16 kontzertu batuko dituan programazinoagaz.

Itziar Urtasun Bardintasuneko eta Jaietako zinegotziak hautatutako talde eta artisten ordezkariakaz batera, Aste Nagusiko kultur programazinoaren barruan guztiz finkatuta dagoan hitzordua aurkeztu eban. Aurten be, ekimenak Bilboko eta Bizkaiko musika-eszenako erakusgarri zabal eta askotarikoa eskainiko deutso publikoari.

Ohikoa dan lez, egun bakotxean kontzertu bi izango dira. Lehenengoa 20:00etan hasiko da eta bigarrena 21:00etan. Kontzertu guztiak doban izango dira Bilborock Aretoko edukierea bete arte. Ia hiru hamarkadaz, Bilboko musika eta kultura-jarduerearen erreferente nagusietako bat izan da espazio hori.

Bilbao Metal, Pop-Rock erakusketeak proposamenen aniztasunaren aldeko apustuari eusten deutso, eta Bizkaiko musika-eszenan dagoan sormen-aberastasunaren isla eskaintzen jarraitzen dau. Aurtengo kartelak ibilbide eta estilo askotako talde eta artistak batzen ditu, pop-rocka, soula, bluesa eta rock alternatiboa, elektronikea, garage rocka, heavy metala edo groove metala lako proposamenak.

Helburu nagusia publikoari musika-proposamen barriak hurbiltzea da, artista emergenteak ezagutarazotea eta Aste Nagusian inguruko taldeen lana babestea.

72 talde eta artista aurkeztu dira deialdira

Aurtengo edizinoan 72 talde eta artista aurkeztu dira. Horreetatik, 52 Pop-Rock eta bestelako estiloen kategorian izena emon dabe, eta beste 20 Metal kategorian.

Epaimahaiak aurkeztutako proiektuen kalidade handia eta Bizkaiko musika-eszenaren etenbako barrikuntza nabarmendu ditu, izan be, talde askok lan barriak argitaratzen jarraitzen dabe eta euren proposamen artistiko propioak jorratzen ditue.

Izena emon daben taldeen artean, 24k euskerea erabilten dabe euren errepertorio osoan edo zati batean, eta 20 taldek emakumeak ditue kideen artean. Gainera, Vulcanizadas taldea da bakarra aurkeztutako proposamen guztien artean emakumez bakarrik osotutako talde.

Programazinoan, Izena taldea izango da, Bilboko Udaleko Gazteria Sailak atondutako VillaSound 2026 lehiaketako Aste Nagusia Sariaren irabazlea.

Kontuak kontu, jasotako 72 proposamenetatik 31 Bilbokoak izan dira eta 41 Bizkaiko gainerako udalerrietakoak; hau da, guztizkoaren % 43,06 eta % 56,94, hurranez hurran. Barakaldo da barriro be, uriburuaren ondoren, ordezkaritza handiena izan dauen udalerria, eta haren atzetik dagoz Leioa, Getxo eta Basauri.

Azken hautaketeak be lurralde-aniztasun hori islatzen dau. Parte hartuko daben taldeen artean Bilbo, Barakaldo, Leioa, Durango, Mungia, Sopela eta Zaratamoko artistak eta taldeak dagoz, baita Santander edo Gasteiz lako urietatik etorritako kideak dituen taldeak be.

Kontzertuak Bilborock Aretoan

  • Abuztuak 22

20:00: Lorreine (Barakaldo – Indie Pop Rock).
21:00: Pablo RiosS (Bilbo / Geyxo – Animal Electro Show).

  • Abuztuak 23

20:00: Darkoldo (Bilbo – Alt Rock Metal).
21:00: Mandarinas al Sol (Bilbo – Rock Alternatiboa).

  • Abuztuak 24

20:00:Nuzz (Bilbo / Santander – Power Pop-Rock).
21:00: Scusi Boys (Bilbo / Gasteiz – Rocka).

  • Abuztuak 25

20:00: Izena (Bilbo – Rock Alternatiboa).
21:00: Basaki (Bilbo – Rock Metala).

  • Abuztuak 26

20:00: Vulcanizadas (Bilbo – Blues & Soul).
21:00: Vittersweet Trio (Bilbo – Neo Soul).

  • Abuztuak 27

20:00: Sergio & The Lovers (Bilbo – Power Pop-Rock).
21:00: Iñigo Riki and the Nigaht Band (Zaratamo - Rock Urbanoa / Kantautorea).

  • Abuztuak 28

20:00: Ossyris (Barakaldo – Heavy Metala).
21:00: Stolen Soul (Mungia – Groove Metala).

  • Abuztuak 29, larunbata

20:00: The Kraven (Durango – Groove Metala eta Metalcorea).
21:00: My Sweet Torment (Sopela – Death Metala).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu