Euskal Herrian zehar ibiliko da IV. HerriJazz Ibiltaria
2026-06-25 10:47 MusikeaEmakumeak taldekide dituen talde bi ibiliko dira.
SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidente Fran Lasuen izan da, IV. HerriJazz Ibiltariaren aurkezpenean, gaur Arabako uriburuko The Tap Jazz Club-en, Gasteizko Jazzaldiaren arduradun, babesle eta kolaboratzaileen aurrean.
© Adrián Ruiz Hierro
SGAE Fundazioak HerriJazz Ibiltariaren alde egin dau beti. Zikloaren laugarren edizioa bagilaren 26an, barikuan, hasiko da Quintanilla de la Riberan (Araba), gaueko 21:30ean, Gasteizko 49. Jazzaldiaren aurreko programazinoaren barruan. Helburua bikotxa da: gorabidean doan talentua bultzatzea, oso maskulinizauta dagoan sektorean emakumeen presentzia indartzea eta jazza zabaltzea Euskal Herriko hainbat herritan, holako ekimenak ez baitia sarri egiten.
Zazpi kontzertu izango dira, Musikene Donostiako Goi Mailako Musika Ikastegitik urtendako talde bigaz: Talathata eta Haika. Marta Payeras (Thalatha) ikaslea buru dauen hirukoak Euskadin emoten diran udako hiru jazzaldietako agertokiak zapalduko ditu hurranez hurran: Gasteiz (Quintanilla de la Riberan bagilaren 26an), Getxo (garagarrilaren 5ean) eta Donostia (garagarrilaren 26an). Musikene lantegiko beste taldea, Haika, Berriozar, Irun eta Amorebieta-Etxanon joko dau (zemendiaren 7an, 14an eta 19an), baita Bastidan be (abenduaren 20an), programazinoari amaierea emanez.
2026ko bagilaren 26tik garagarrilaren 26ra bitartean Vitoria-Gateiz (Quintanilla de la Ribera), Getxo eta Donostiako jazzaldietan ibiliko dan hirukoa).
Thalatha. © THALATHA.
Programazinoa
- Thalatha hirukoa dogu eta Marta Payeras (pianistea), Pablo Ortiz (bateria) eta Javier Gómez (kontrabaxua) dira taldekideak. Jazzaren begirada edegi baten inguruan jatorri eta belaunaldi askotako interpreteak ditugu. Euren proposamena hirukote formatuko erreferente handiek inspirautako estandarren berrinterpretazinotik abiatzen da — Bill Evans, Keith Jarrett, Brad Mehldau, Kenny Barron edo Christian McBride, esaterako —, baina jatorrizko tokietako musika tradizionalak ahaztu barik, konposizino propioak konpartiduteko ahalmena be badabe, errepertorio klasikotik nahiz jazz garaikidetik datozen eraginakaz.
- Haika laukotean dabiz Alexandra Bartolome (abeslaria), Ager Alzola (bateria), Iker Toribio (gitarra) eta Cristina Pascual (baxua). Errepertorioan jazz-tradizinoa fusino-ikuspegiak ardatz hartuta, egungo soinu fresko eta personala, jatorrizko konposizinoakaz buztartzen ditue. Samara Joy, Michael Mayo, Wayne Shorter edo Bill Evans lako artisten eraginpean, taldea mimo handiz egindako obrak eta nortasun propioa nabarmentzen saiatzen da. Haikaren kontzertuak 2026ko udagoienean izango dira, Berriozar, Irun, Amorebieta-Etxano eta Bastida udalerrietako hainbat kulturgunetan.
© Haika
Talde biek batera, sortzen dagoan jazza ulertzeko modu osogarriak adierazoten ditue: tradizinoaren barrikuspen sortzailea eta ahots propio bat erabiliz, sonoridade barri eta berezien bila dabiz beti.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
