Txapel Reggaek Armintza irudimenezko isla bihurtuko dau
2026-06-24 10:02 MusikeaJah Mason, Junior Dread, Dactah Chando, Rudymentari eta Steady Rockets izango dira protagonista.
Armintzako reggae jaialdi beteranoak garagarrilaren 18an ekarriko dau 2026ko edizinoa. Aurten, Jamaikank sortutako musikearen inguruan munduko hainbat ugarte lotuko dira alkarren artean. Txapel Reggaek Jamaika, Kanariak, Menorca eta Euskal Herriko artistak batuko ditu, baita Brasil, Frantzia eta Kanadatik etorritakoak be. Jah Mason, Junior Dread, Dactah Chando, Rudymentari eta Steady Rockets izango dira gaueko zuzenekoetan protagonista Biobizz Portua Stagen. Bestalde, barritutako Spannabis Dub Stage guneak hamabi orduko sound system egitaraua eskainiko dau, Blackboard Jungle eta Irie Ites nazinoarteko erreferenteakaz. Aurtengo barrikuntza nagusietako bat Txiki Yard izango da. Familia osoagaz jaialdiaz gozetako sortutako espazio barria da.
Kartelburu izango da Jah Mason, azken hamarkadetako Jamaikako roots reggae ahots garrantzitsuenetako bat. 1990eko hamarkadan ekin eutson ibilbideari eta disko ugari argitaratu ditu ordutik. Armintzara Riddim Factory Band taldeagaz helduko da, Europako jaialdi handietan erakutsi dauen zuzeneko indartsua eskaintzeko. Bere ahots sendoa eta Irie Ites kolektiboagaz dauen lotura estua dira edizino honetako nagusietako batzuk.
Brasildik etorriko da Junior Dread, reggaeak mundu osoan izan dauen zabalkundearen adibide argia. Hamabost urte baino gehiagoko ibilbidean Europa, Japonia, Australia eta Ameriketako Estadu Batuetan jo dau. Haren musikeak Jamaikako erroak eta Brasilgo nortasun musikala buztartzen ditu.
Atlantikoko geldialdia Dactah Chandoren eskutik etorriko da. Kanarietako reggae eszenako izen nagusietako bat da. Hogei urte baino gehiagoko ibilbidea eta hamabi disko argitaratu ondoren, Reset lana aurkeztuko dau Armintzan. Lan horretan barriro heldu deutso roots reggae soinuari.
Mediterraneotik helduko da Rudymentari, katalanez —zehatz Menorcako berbakeran— reggae egiten dauen ahots ezagunenetako bat. Bere proposamenak ezin hobeto islatzen dau Txapel Reggaeren filosofia: nortasun propioa eta tokiko kulturea jagotea beste tradizino musikalakaz alkarrizketan.
Biobizz Portua Stageko kartela Steady Rockets taldeak osotuko dau. Ska, rocksteady eta reggaea euskereagaz eta euskal folklorea buztartzen ditu, Jamaikako musikeak Euskal Herrian be sustrai sendoak hartu leikezala erakutsiz.
Aurten be, Santa eta Betto Snay izango dira gaueko aurkezleak. Reggae kultureagaz lotura estua daben arpegi ezagun bik gidatuko ditue Biobizz Portua Stageko kontzertuak.
Spannabis Dub Stage: hamabi orduko sound systema
Txapel Reggaeren beste ardatz nagusia Spannabis Dub Stage izango da. Dub kultureari eskainitako gunea sendo bueltauko da, nazinoarteko eta bertako sound system erreferenteakaz. Edizino honetako konbidadu nagusietako bat Blackboard Jungle izango da. Frantziako sound system ospetsua Europako dub eszenako izen handienetako bat da. Hogei urte baino gehiagoko ibilbidean mundu osoko jaialdi eta aretoetan zabaldu dabe euren soinua, betibere biniloa eta roots dub tradizinoa ardatz hartuta
Eurekaz batera izango dira Irie Ites, Frantziako reggae eta dub kulturako ezinbesteko kolektiboetako bat. Sound system ez eze, produktore eta zigilu moduan be nazinoarteko artistarik garrantzitsuenakaz lan egin dabe. Txapelera bueltauko dira, ganera, Jah Masonen Europako birako arduradun lez.
Agertokiak Euskal Herriarekin estu lotutako proposamenak be hartuko ditu. Horren adibide da Herrimin feat. Beñaranks, azken urteotan Euskal Herrian sortutako proiekturik berezienetako bat. Euskal eta nafar errepertorio herrikoia reggae eta dubaren hizkuntzatik berrinterpretetan dabe, sustraiak eta soinu garaikideak modu naturalean buztartuz.
Eurekaz batera izango dira Ital Rakka eta KBLESS feat. Lurrikarea. Proposamen horreek guztiak Bomb Bass HiFi Bilboko kolektiboaren babesagaz helduko dira. Txapel Reggaegaz urteetako hartu-emonak dituan taldea da, jaialdiaren familiako kide bihurtu dana, eta Spannabis Dub Stageko luxuzko sound systemearen arduraduna izango da beste behin.
Txiki Yard: jaialdiaren etorkizunak be reggaeagaz jantzan egin eta olgetan ibili: aurtengo barrikuntza nagusia izango da.
Belaunaldi askoren arteko topagunea izango da, Txapel Reggaeren espiritua familian biziteko sortua. Tailerrak, jarduera artistikoak eta olgetarako gune librea eskainiko ditu. Jarduerak dinamizetako lantaldea egongo da bertan, eta Astigarraga Kit Line altzari-markearen laguntzeari esker, espazioak Montessori filosofian oinarritutako altzariak be izango ditu.
Musikeak be izango dau bere lekua Txiki Yarden. Disko Txiki saio berezia eskainiko da familientzat, Baltz Bita abeslari, selector eta Akatz taldeko arpegi ezagunenetako baten eskutik. Atzoko eta gaurko bersinoakaz musika-bidaia izango da, familiek alkarregaz jantzan egiteko eta txikienek reggaeagaz lehen hartu-emonak izateko.
Ohitureari jarraituz, jaialdiko jarduera klasikoak be izango dira. Batukale Samba taldearen kalejireak emongo deutso hasierea egunari.
Urtez urte, haren energiak jaialdiaren hasierea markau dau, eta Txapel Reggaeren nortasunaren parte bihurtu da. Horrezaz gan, African Vibes Dance Bilboko kolektiboa be izango da bertan. Afro-uri jantzetan espezializautako taldeak Jamaikako musikearen eta Afrikako sustraien arteko loturak sendotuko ditu barriro be, tailer eta erakustaldien bidez, jaialdiaren kultur egitaraua aberastuz.
Txapel Reggaek hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin du Armintzako Jai Batzordearen eskutik. Urte honeetan guztietan jaialdiak izaera independenteari eutsi deutso eta reggae zein dub kulturako erreferente bihurtu da Euskal Herrian. Musikatik harago, Txapel komunidadea da. Herria da. Boluntarioak dira. Belaunaldi asko batzen dituen ospakizuna. Edizino barri honetan be mezu berari eutsiko deutso: kulturea konpartidutea, ingurunea errespetetea eta personak erdigunean jartea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
