Euskadiko Orkestreak 2026/2027 denporaldia aurkeztu dau

Bizkaie! 2026-06-18 13:05   Musikea

Euskal musika-ondarea eta belaunaldi barrien talentua buztartzea da asmoa.





2026/2027 denporaldiak joandakoaren eta etorkizunaren arteko alkarrizketa proponiduten dau, bardintasunaren aurreko konpromisoa indartu eta euskal talentuarentzako aukera barriak edegiten ditu.
Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak zehaztu dauenez: Euskadiko Orkestrea kontzertu-programazino bat baino askoz gehiago da: herriaren zerbitzura dagoan kultura-proiektua, hezi, inspirau, komunidadea sortu eta gure kultura-ondarea belaunaldiz belaunaldi transmitiduten laguntzen dauena.

Ibone Bengoetxea eta Roberto Ugarte Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak gaur aurkeztu dabe orkestrearen 2026/2027 denporaldia, Vibrar goiburuari eutsiz datorrena, hamar programa sinfonikoren eta berrogeita hamar kontzerturen bidez. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Aita Donostiaren La vie profonde de Saint François d’Assise obrearen berreskurapena, Parisko estreinalditik ehun urtera; Jesús Guridiren Diez melodías vascas obrearen interpretazinoa, lehen Eusko Jaurlaritzearen 90. urteurrenaren harian; nazinoarteko artista handien presentzia; eta euskal talentu gaztearen aldeko jarrerea.

Aurkezpena Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan egin da eta bertan izan dira Luken Munguira tenorea; José Luis Aramburu Orfeón Donostiarreko presidenteordea; Gorka Miranda Easo Abesbatzako ordezkaria; Carmen Martínez Guerra Bilboko Koral Alkarteko gerentea; eta Elena Martínez de Murguíak, Aita Donostiaren loba-birlobak. Denporaldi barria markauko daben proiektu nagusietako batzuk aurkeztu ditue.

Bengoetxeak hiru idea nagusi azpimarratu ditu: euskal kultura-ondarearen transmisinoa, bardintasunaren balioen aurreko konpromisoa eta bikaintasunaren zein talentuaren aldeko jarrerea. Esangura horretan, Eusko Jaurlaritzeak bultzatutako lanari esker Aita Donostiaren obrea berreskuratu izana nabarmendu dau, baita Marzena Diakun eta Delyana Lazarova emakume zuzendarien parte-hartzea eta Jone Martínez zein Luken Munguira lako euskal interprete gazteen presentzia be. Gainera, Euskadiko Orkestrea herriaren zerbitzura dagoan kultura-proiektua dala defendidu dau, memoria jagoteko, artista belaunaldi barriak sustatzeko eta kulturearen bidez gizarte-kohesinoa indartzeko gaitasuna dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu