Sidonie, Malmö 040, Begut, Mabu, Marte Lasarte, No Quiero eta LFD Mambo Express Getxon

Bizkaie! 2026-06-18 10:01   Musikea

V. DalecandELA Fest, musikea topagune eta komunidadearen ikur.

Getxoko Portu Zaharra agertoki izango dauen DalecandELA Fest entzutetsuak behin betiko kartela osotu dau, musikea biziteko eta sentiduteko modu bat dala aldarrikatzen dauen programazinoagaz. Sidonie, Malmö 040, Begut, Mabu, Marte Lasarte, No Quiero eta LFD Mambo Express taldeakaz, behin betiko formea hartu dau belaunaldi eta estilo ugari batzen dituan kartelak. Bertan, Quique González eta Kiko Venenoren ibilbide sendoa Duncan Dhuren buelteak dakarren emozinoagaz buztartzen da. Artisten izenetatik harago, DalecandELA Festak bere izaereari eusten deutso: musikearen bidez kausa bati indarra emoten deutson topagunea da. Zarata hutsak nagusi diran garaiotan, zuzeneko musikeak kontzientziak astinduteko eta ELAren aurrean hain beharrezkoa dan duintasuna aldarrikatzeko indarra gogorarazoten deusku.

Musikeak, apaingarriak baztertu eta preminazko gizarte-kausa baten alde egiten dauenean, entretenimendua gainditu eta benetako aldaketarako indar bihurtzen da. Irailaren 17tik 20ra, Getxoko Portu Zaharra erresistentziaren eta baikortasunaren topagune bihurtuko da barriro DalecandELA Festaren bosgarren edizinoagaz. Doako jaialdia izatea haren ezaugarrietako bat baino ez da, izan be, askoz sakonagoa dan konpromiso eta alkartasun proiektua da. Aurten, festibalak estaduko musikari nabarmenenak batzeaz gan, DalecandELA alkartearen aldarrikapenaren bozgorailu nagusi bihurtu da. Helburua argia da: ELA Legea lurralde osoan modu eraginkor eta bardinean apliketea. Bitartean, alkartearen sortzaile Jaime Lafita kirolari eta giza ikusgarri bati aurre egiten dabil, Kantauri itsasoa eta peninsulako hegoaldea bizikletaz lotuz.

Behin betiko kartelak jaialdiaren izaerea ezin hobeto islatzen dau: ibilbide luzeko artistak, proposamen barritzaileak eta sensibilidade handiko lanak batzen dituen egitaraua da, gaur egungo musika eszenako izen esanguratsuenakaz osotua. Sidonie, Malmö 040, Begut, Mabu, Marte Lasarte, No Quiero eta LFD Mambo Express taldeakaz batera Quique González, Kiko Veneno, Akatz eta Neomak lako artista be ez doguz ahaztuko, belaunaldi eta estilo ugari naturaltasunez buztartzen dituan kartela. Kiko Venenoren ibilbideak eta Quique Gonzálezen heldutasunez betetako kantuek bat egiten dazbe Akatzen ska indartsuagaz eta Neomaken elektronikea eta euskal sustraiak buztartzen dituen proposamen barritzaileagaz. Proposamen musikal hau Duncan Dhuren buelteak dakarren emozinoagaz, Gonzalo Portugalen eta Still Riverren gitarrena indarragaz, Luke Winslow-Kingen dotoretasunagaz, Diamond Dogsen sendotasunagaz eta La Sonrisa de Julia zein Smile taldeen pop bizi eta baikorragaz osotzen da. Guztien artean, musika alkargune eta konpartidutako esperientzia bihurtzen dauen giro berezia.

Aldaketa nahia modu argienean islatu da Jaime Lafitaren erronkan: Getxotik Sevillara tandem bizikletan egindako 930 kilometroko ibilbidean. Ez zen keinu sinboliko hutsa izan, aldarrikapen argi eta zuzena baino. DalecandELA Festak laguntzak bizkortzea, menpekotasunaren III+ gradua estadu osoan ezartzea, jagoleen prestakuntzarako preminazko plan bat martxan jartea eta ikerketa zientifikorako inbersino egonkorra bermatzea eskatu zituan. CaixaForum zentroetan eskainitako Death Valley dokumentalak konpromiso horren abiapuntua irudikatu eban. DalecandELA alkarteak dagoeneko ikerketara bideratutako miloe bat euro baino gehiago eta BIOBizkaiako BrainLab lako proiektuak sustatu baditu be, argi dago burruka hau ez dala helmuga batera heltzeko lasterketea, denporearen kontrako etenbako erronkea baino.

Gauzak holan dirala, Getxoko jaialdia barriro be kultura eta alkartasuna batzen dituan topagune bihurtu da, kalidade artistikoa preminazko errealidade bati ikusgarritasuna emoteko tresna bihurtu baita. Azken finean, duintasun kolektiboaren aldeko aldarrikapena da. Psikodeliatik folkera, elektronikatik egile-popera, musikeak personak alkartu eta borondateak batzeko balio dau, bizitea duin baterako eskubidea edozein egoeratan izan behar dala guztion helmugea gogorarazoz. V. DalecandELA Festek ez dau goi mailako musika egitaraua bakarrik eskaintzen, oraina beste modu batera biziteko animetan gaitu, jakinda akorde, txalo eta pedalkada bakotxa zaltasunen aurrean aurrera egiteko eta itxaropenari eusteko modu bat dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu