Lekuz Leku 2026 jaialdiak Bilbo oinez topetako animauko ditu herritarrak

Bizkaie! 2026-06-18 08:08   Kulturea

100 parte-hartzaileren bila dabiz kalez kaleko jantza komunitariorako.

Zer jazoko ete da uriaren martxa frenetikoan ibilteari itxi eta uriari beste era batera begiratzen hasten bagara? Zelan aldatuko da Bilbo behatzeko modua, eguneroko ekintza bat, hau da, ibiltea, esperientzia artistiko partekatu bihurtzen badogu? Izan be, galdera horreei erantzun nahi deutse Noraezak / Nire ibilera, gure dantza jantza komunitarioko proiektuak Lekuz Leku - Nazinoarteko Jantza Jaialdia Bilboko Uri Inguruneetan jantzaldiak XXII. edizinoari hasiera emongo baiteutso.

Jaialdia bagilaren 23tik 27ra egingo da eta, urtero bezela, jardunaldi biren eskutik amaituko da (hilak 26, barikua, eta 27, zapatua): jantza garaikideak Itsasadarraren ezkerraldeko kilometroa beteko dau, Guggenheim Bilbao Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artekoa, hain zuzen be. Horretarako, Euskadiko, Estaduko eta nazinoarteko hainbat konpainiak espazio ez-konbentzionaletarako sortutako hamar bat pieza labur programau dira. Laster iragarriko da zeintzuk izango diran.

Aurtengo nobedade nagusia da jaialdiak ekimen artistiko partizipatiboa sortu dauela, herritar guztiei edegia. Jaialdiak berak bultzatu dau proposamena eta Eneko Lorente Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) irakasleak egingo ditu komisario-lanak. Holan, mobimentua, uri-esplorazinoa eta sorkuntza kolektiboa buztartzen dituan esperientzia baten inguruan 100 persona inguru batzea dau helburu esperientziak.


Bagilaren 24, 25 eta 26an arratsaldez egingo dan dobako laborategi-tailer batean gauzatuko da proiektua eta, horretan, edozeinek parte hartu ahal izango dau, edadea eta sasoia edozein dirala be, aurretik jantzan esperientzia izan ala ez: nahikoa izango da jakin-mina, parte hartzeko gogoa eta uriari bestelako ikuspegitik begiratzeko nahia izatea, laburtu dau Lorentek. Parte hartzeko asmoa dabenek informazio gehiago batu edo izena emon nahi badabe (doban), helbide elektroniko honetara idatzi beharko dabe: tatrak@tatrak.org.

Saio horreetan parte hartzeko -gehienak aire zabalean egingo dira- hainbat proposamen probauko dira: helburua da uriko martxan dogun ohiko mobimentuaren ordez, ibilera geldoa eta patxadatsua izatea, gure eguneroko ibilbideak eta tokiak behatzeko dogun modua aldatzeko, azaldu dau proiektuaren talde artistikoak -Lorentek berak eta Natxo Montero eta Sonia Shivala euskal jantzari eta koreografoek osotutakoa-. Izan be, hirurok zuzenduko ditue bagilaren 26an, barikuan, egingo dan uriko azken esku-hartzea prestetako lanak. Egun horretan, arratsalde erdian, hainbat talde aldi berean joango dira Bilboko hainbat barrutitatik, kale, plaza eta auzoetan barrena astiro ibilteko: parte-hartzaileak oinez mobiduko dira, bidea hausiko dabe, besteen zain geratuko dira edo gelditu egingo dira lehen ia arretarik jarri barik ibilitako tokiei begiratzeko eta horreekaz barriro konektetako. Helburua, beraz, ez da bardintasuna lortzea, hainbat berezitasun batera egotea baino, aurreratu dabe.

Ibilbideak edegiak izango dira, inprobisetako aukerea egongo da, asmoa baita uritik herritarron berezko auzo-espazio eta gizarte-espazio lez ibiltea. 18:30ak aldera, talde guztiak Abandoibarran batuko dira, Guggenheimen ondoan. Bertan, ekintza koreografiko kolektibo aparta egingo da, Lekuz Leku 2026 jaialdiak bagilaren 26ko eta 27ko arratsaldeetarako programautako konpainia profesionalen jantza garaikideko pieza laburren atarikoa izango dana. Horreek guztiak aire zabalean egingo dira, musu-truk.

Ohiko ikuskizun lez proponidu beharrean, Noraezak / Nire ibilera, gure dantza proiektutik sortuko dan konpartidutako sorkuntza-jantza garaikidea, ohiko esku-hartzea eta herritarren parte-hartzea buztartuko ditu. Jazoera iragankorra izango da emoitzea eta, horren eskutik, uritik ibiliko dan komunidade batek espazio publikoa eraldatuko dau eta, ondorioz, sortuko dan esperientzia herritar guztiek -bai ekimenean parte hartuko dabenek, bai horreei begira egongo diranek- bizi izango dabe: koreografia berbearen jatorrizko esangurea berreskuratu nahi dogu, mobimetu kolektiboaz dabilena. Guztiok gara ibiltari, eta alkarrekin ibiltea da koreografiarik unibersalena, adierazo dau Lorentek.

Proiektua Bilborako eta uriaren bilakaera berezirako berariaz sortu bada be (hainbat gai jorratuko ditu, besteak beste, uriaren eraldaketea edo joandako industria), espazio publikoagaz lotutako sorkuntza garaikidearen ospe handiko esperientzia batzuen lekukoa hartu dau: esaterako, 50eko hamarkadan Guy Debord frantziarrak bultzatu zituanak (uritik noraezean ibiltea proponidu eban, uriaren dimensino emozional eta sozial ezkutuak ezagutzeko), 70eko hamarkadan Anna eta Lawrence Halprin senar-emazte estadubatuarrek sustatu zituen proiektu komunitarioak (mobimentu kolektiboa erabili eben bazter-auzoen edo tirabira sozial ugariko auzoen arteko bizikidetzea eta hartu-emon modu barriak sortzeko), edo jarrea barriagoak: Slow Walk (2018), Anne Teresa De Keersmaeker koreografo belgikar ospetsuarena, uri-ingurunearen behaketa patxadatsuan oinarritua.


Slow Walk (2018), Anne Teresa De Keersmaeker.

Mobimentu modu artistikotzat ez eze, uria antzemoteko, pentsetako eta konpartiduteko modutzat be hartzen daben jardunbide horreek guztiak interesetan jakuz
, adierazo dau Lorentek. Jantzeak beha egoteari ixten deutso, eta gure inguruneari bestelako begiakaz begiratzen laguntzen deusku esperientzia kolektibo bihurtzen da. Ekimenaren eskutik, Lekuz Leku jaialdiak sendotu egin dau orain dala hamarkada bi baino gehiago sortu zanetik hona gidari dauen bereizgarria: jantzea ohiko espazioetatik atara kalera eroateko, herritarrakaz alkartzeko: beste pausu bat emongo dogu, nabarmendu dabe atontzaileek -Bilboko La Fundición Aretoko kideek-, jentea esperientziaren sortzailekide eta protagonista bihurtuko baitogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu