Unax Aizpuruak irabazi dau Euskal Herriko Eskolartekoa

Bizkaie! 2026-06-15 07:51   Bertsolaritzea

13 bertsolarik kantau dabe Arantzako frontoian Euskal Herriko Eskolartekoan.



Goizean goizetik antzemoten zan mobimentua Arantzan. 11:30ak hurbildu ahala, bertsozaleak jarleku hutsak betez joan dira, eta azkenik, heldu da ordua. Bozgorailuetatik Ekain Alegre Gilek sortutakoo sintonia barria eta bertsozaleak txaloka. Ilaran sartu dira oholtzara bidean bertsolariak Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Eki Mateorena Zozaia gai-jartzaileen atzetik, eta zozketeak erabagitako ordenan jesarri dira: Kattin Madariaga Apaolaza, Jon Abasolo Sarralde, June Astegieta Unzaga, Maia Ortiz de Zarate Idiakez, Adei Urbitarte Ayestaran, Kattalin Arabolaza Palomo, Nahia Etcheverry Lopepe, Iradi Barrenetxea Akesolo, Gana Berhokoirigoin Zubeldia, Johane Larre Salaberri, Unax Aizpurua Ibargarai, Kattalin Lizarraga Mendia eta Leina Alkhat Larrandaburu.

Bertsolariak kantuan eta epaileak be lanean: Amaia Telletxea Larretxea, Ainhoa Arregi Elosua, Aitor Jimenez Tolosana, Unai Muniain Caballero eta Zuhaitz Olazabal Superregi; idazkari lanean, barriz, Ainhoa Goñi Castañares ibili da.

Hasierako agurren ostean, saioaren lehen atala hasi da: lehenengo, zortziko handiko ariketan bina bertso osotu ditue eta jarraian bina bertso zortziko txikian. Lehenengo atala amaitu denean, sei bertsolari sailkatu dira bigarren atalera: Iradi Barrenetxea Akesolo, Kattalin Arabolaza Palomo, Kattalin Lizarraga Mendia, Kattin Madariaga Apaolaza, Nahia Etcheverry Lopepe eta Unax Aizpurua Ibargarai. Banaka ibili dira atal honetan: lehenengo lehen puntua emonda, bertso bat osotu behar izan dabe zortziko txikian; gero, veste bertso bat gaia emonda, gehienez bost puntuko neurrian.

Estitxu Arozenak jantzi deutso txapela Aizpuruari

Bertsolariek lan puntuagarriak osotuta, heldu da epaileen aktea: 2026ko Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna: Unax Aizpurua Ibargarai eta txapeldunordea Kattalin Lizarraga Mendia. Estitxu Arozena Albizuk jantzi deutso txapela Aizpuruari, bertsozaleen txalo artean.

Hainbat sari jaso ditue bertsolariek. Hasteko, udagoienen egingo dan Ahots Bat Sormen egonaldian parte hartu ahalko dabe finalistek. Antzerkian, kantugintzan eta literaturan dabizan gazteak ezagutu, sormen adierazpide horreekaz olgetan gozetan daben bitartean. Jarraitzeko, abenduan jokatuko dan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerako txartela be jaso dabe. Azkenik, liburu bana eskaini jake: Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat edo Oihana Aranaren Zerua hemen liburuak.

Sari banaketa ekitaldian hainbat lagunek parte hartu dabe: Bittor Elizagoien Etxegarai Bortzirietako Bertso Eskolarten sortzaileetako batek; Irati Alcantarilla Urdanpilleta Bertsularien Lagunak Alkarteko irakasleak, Nekane Artola Labordeta Ikastolen Alkarteko lehendakariak, Oier Iurramendi Etxeberria Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko koordinatzaileak eta Peru Abarrategi Sarrionandia Arabako Bertsozale Alkarteko irakasleak.

Ikastolen Alkarteagaz alkarlanean atontzen dan XXXVIII. Eskolartekoa izan da egunotakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu