15 saio izango dira, eta Hazparnen hasiko dan bidea Iruñean amaituko da, abenduaren 20an

Bizkaie! 2026-06-09 13:00   Bertsolaritzea

Irailaren 19tik abenduaren 20ra izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea.

Bilbon aurkeztu dabe Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea. Udagoienean ekingo deutsagu bideari baina  herrialdeetako txapelketakaz hasten dan bidearen azken zatia izaten da lau urtez behingo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea.

Jokatu dira Gipuzkoakoa, Nafarroakoa, Bizkaikoa, Xilaba eta Arabakoa. Orain da Euskal Herrikoaren txandea. Aurkezpen ekitaldian, bide horren irudikapena egin da. Horregaitik, Bertsozale Alkartea osotzen daben herrialdeetako ordezkariak batu dira, lehenago aitatutako txapelketen zikloaren erakusgarri: Arabako Alkartetik Ekaitz Elorriaga, Bizkaikotik Belate Olabarria, Gipuzkoako alkartetik Oihana Aranguren, Ipar Euskal Herriko Bertsularien Lagunak alkartetik Aritz Bidegain eta Nafarroakotik Nerea Bruño. Horreez gan, txapelketako talde motorreko kide diran Oier Iurramendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, Udane Mugerza txapelketako arduradunak eta Ainhoa Urien lehendakaritza taldeko kideak be egin dabe berba.

Lehenengo faseko zazpi saioak Euskal Herriko zazpi probintziatan

Hasterako aitatu da ilusioz eta arduraz bizi dauela Alkarteak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea, sortzen dauen irrikearen eta eragiten dauen lurrikara ederraren jakitun, azaldu dau Urienek. Dagoeneko lurra mobimenduan da, gaurkoagaz hasi da dardarea. Jakinarazo baitira datak, saioak eta partaideak.

2022koagaz konparauta, sei bertsolari gehiago ditu aurtengo aldiak: Arabako bi, Nafarroako bi eta Xilabako bi. Gauzak holan dirala, saio bat gehitu jako txapelketeari eta, lehen fasean, sei saioren ordez zazpi izango dira. Zazpi saio horreek Euskal Herriko zazpi probintziatan jokatuko dira.

Udagoieneko agendea Txapelketeak hartuko dau eta momentua erabili nahi dau Alkarteak mapan kokatzeko bersoa, kulturea eta euskerea. Izan be, kulturea eta euskerea ito nahi daben honetan, hitza giltza eta euskerea funtsa dituen diziplinak arnasgune eta arnasaldi dirala azpimarratu da.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saio guztietarako sarrerak bagilaren 17an jarriko dira salgai bertsosarrerak.eus atarian.

Mugerzak azaldu dauenez, Bertsozale Alkartearen bazkide diranek finalerako sarrera erreserbauta izango dabe bagilaren 17tik 24ra. Horrezaz gan, txapelketa osoko bonoa erosteko aukerea eta saio guztietarako beherapena be izango dabe.

Bertsozale Alkartea komunidadeak egiten dauela gaineratu dau sustapen eragileak: ezinbestekoak dira borondatezko lanaren ekarpena eta proiektuko bazkideen sostengua. Txapelketako sarreren aukerea erabili eta bazkide izateko pausua egiteko animau dau bertsozalea.

Lau urteko ziklo bat zarratzea

Iurramendik azaldu duenez, bertsolaritzeak gure egunerokoari kantetan deutso, inguratzen gaituen gauza txikietatik hasi, norbera zeharkatzen daben kezka, poz edo kontraesanetatik pasau eta mundu mailako jazoera globaletaraino. Txapelketeak balioko dau horretarako: ingurura ez eze, barrura begiratzeko, horretarako heldulekuak emoten baititu bertsolaritzeak. Txapelketak be balio dau momentuaren eta lau urteko aldiaren argazkia atarateko.

Ziklo baten amaierea irailean hasiko da, eta prentsaurrekoan azaldu daben moduan, sumendiak bezela piztuko gara eta borborka egingo dogu. Hasi da lurrikarea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu