Oihana Iguaran da VI. Señora Sariketako pameladuna
2026-06-08 07:44 BertsolaritzeaKattalin Lizarragagaz buruz burukoan kantau ondoren.

Oihana Iguaranek jantzi du VI. Señora Sariketako pamela Plentziako Danontzat Gaztetxean, Kattalin Lizarragagaz buruz burukoan kantau ondoren. Lide Arregik jaso dau epaileen Tokado Saria.
Oihana Iguaran da Señora Sariketako pameladun barria. Oihanak jantzi dau VI. Señora Sariketako pamela Plentziako Danontzat Gaztetxean, Kattalin Lizarragagaz buruz burukoan kantau ondoren. Maider Altuna, Kattin Madariaga, Lide Arregi eta Ana Picallo be izan dira finalean. Iratxe Legarrak jarri deutsee gaiak.
Lide Arregik jaso dau epaileen Tokado saria, bihotza gehien ukitu deutsenarena.
Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart igazko V. Señora Sariketako pameladunek jantzi deutse aurtengo pamela Oihana Iguarani. Joane Aldalurrek, Kristina Mardarasek eta Rosi Lazkanok, igazko Tokado saridunek (Irati Tolosagaz batera) jantzi deutse tokadoa Lide Arregiri.
Aurten, egun osoko egitarauaren barruan ospatu da Señora Sariketako finala. Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kideakaz egindako bertso karro-poteoak girotu dau bazkalaurrea. Ondoren, 70 lagun inguru batu dira Danontzat Gaztetxean bazkaritan, Bingoagaz borobilduz bazkalostea.
18:00etan hasi da VI. Señora Sariketako final handia. Bat-bateko saioa hasi aurretik banatu ditue I. Señora Bertsopapel Sariketako sariak. 3 sari banatu dira. Piliren bilobak Iruñeko taldeak jaso dau Señora Makarra saria. Zaballako bertso eskoleak eroan dau Señora Hunkigarria saria. Azkenik, Zarauzko hasibarrien bertso eskola feministak jaso dau Señora Dibertigarria saria.
Bertsopapel sariketako saridunen bertso-sortak abestu eta sariak banatu ondoren emon jako hasierea bat-bateko saioari. 150 lagunen berotan, giro goxo eta dibertigarrian igaro da final handia, amaierarako bertaratu diran guztiak hunkitzeraino.
Zatekeen erromeriak eta DJ Txillardegiren itzulereak zarratu dabe VI. Señora Sariketa Plentziako Danontzat Gaztetxean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
