Astegoienean euskal sorkuntza eszeniko independenteena aldarrikatuko da Bilbon
2026-05-27 09:42 KultureaHainbat emakumek sortutako hiru ikuskizunen eskutik, Zer(K)nias zikloaren barruan.
Programa horren bidez, Deustuko aretoak, urtero, udea heldu aurretik, Euskadin sortutako zenbait proposamen aurkezten deutse ikusleei, barritzaileak eta kalitate handikoak baina ohiko antzerki zirkuituetatik urrun dagozanak. 2026an, emakume sortzaile gazteen hiru obra aukeratu dira: Olaia Valleren zuzeneko musikea be badauen jantza garaikideko pieza bat, Raíra Rosenkjarren performance feministea eta Infinitudrama konpainiaren euskerazko bertoko folklorearen berrinterpretazino zirikatzailea.
Olaia Valle (Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río).
Udabarriaren amaieran, La Fundición Aretoan egiten danez, astegoienean Zer(K)nias zikloaren beste edizino bat izango da eta horren barruan, euskal sorkuntza eszeniko independenteena eta esperimentalena eskainiko dabe. Ondoz ondoko hiru egunetan -maiatzaren 29tik, barikua, 31ra, domekea-, Bilboko espazioak hiru ikuskizun hartuko ditu. Arduradunek zehaztu dabenez, hizkuntza barriak aztertu, formatu hibridoak proponidu eta arrisku artistiko handiagoak eurenganatzen ditue, askatasun osoz eta ohiko antzerki-zirkuituak alde batera itxita sortu dira. Zoritxarrez, holako proposamenak gatxago izaten dabe programazinoetara heltzea, kalidade handikoak izan arren. Holan, Zer(K)nias urteroko aukera parebakoa da ahots eta sorkuntza modu barrietarako eta La Fundiciónek ikerketa eta esperimentazinoa jorratuta lan egiten daben Euskadiko artista eta konpainiakaz dauen konpromisoa indartzen dau. Txartelak badagoz eskuragai aretoaren webgunean (8 eta 15 euro artean + gastuak). Txartel-leihatilan be egongo dira salgai, hemendik aurrera eta ikuskizuna hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.
2026ko Zer(K)nias zikloan sortzaile gazte honeek sortutako hiru saio programau dira: Olaia Valle jantzari eta koreografoa (Zugaztieta, Bizkaia, 1994), Raíra Rosenkjar brasildar performerra, Bilbon bizi dana, eta Infinitudrama konpainia, euskerazko antzerkiagaz konprometidua, Maite Aizpurua Olaizola buru dauena (Zumaia, Gipuzkoa, 1990). Vallek, jantzari lanetan Jesús Rubio Gamo, La Intrusa edo Marie de Jongh entzutetsuakaz ibilitakoak barikuan ekingo deutso zikloari, maiatzaren 29an, arratsaldeko 19:00retan, Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río piezearen eskutik. Bera arduratu da koreografiaz eta bera da jantza garaikideko pieza horren arduraduna, zuzeneko musikea eta bestelako guztiaz; haren eretxiz, "gorputz batentzako biek batera jotako kontzertua da'. Oholtzan, Amaia Santamaríaren eta Zuhaitz Fernandezen zuzeneko musikea dau akonpainamendu Vallek. Okasinoari eta denpora errealean egindako konposizinoari edegitako ikuskizun horren eskutik, inspirazino izandako emakumeak omendu nahi ditu Vallek: Nire arbasoak jantzan ikustea, gaur ni zerk mobiduten nauen ulertzeko.
Maiatzaren 30ean, zapatuan (20:00etan), Raíra Rosenkjar performerraren txandea izango da. São Paulon (Brasil) jaio zan eta, egun, Euskadin bizi da. Jantzearen, performancearen eta antzerkiaren arteko Tetas aurkeztuko dau: pieza horrek dudan jarten ditu generoari eta botereari buruzko kontaketa hegemonikoak, emakume baino lehen titi izandako emakume eta, titi izateagaitik, emakume besterik izan ez zan emakume baten bidez, zehaztu dau du Rosenkjarrek. Ikuspegi kritiko eta feministea gogoan, performancea kulunkatzen, astintzen, zurrupatzen eta gorputzetik harago zabaltzen diran titiak hartzen ditu oinarri, desioaz, jagoletzaz eta loturen beharraz hausnartzeko.
2026ko Zer(K)nias zikloa maiatzaren 31n, domekan (19:00retan), amaituko da, Infinitudrama konpainia gaztearen eskutik; 2024an sortu zan konpainia gipuzkoarra eta horren bidez Maite Aizpurua Olaizolak euskerazko sorkuntza garaikidea bultzatzen dau. Dagoeneko hiru obra ditu eta Adarbakarra eskainiko dau, euskal folklorearen berrinterpretazino zirikatzailea, umorea, poesia bisuala eta musikea buztartzen dituana. Aizpurua Olaizola koplari eta Garazi Navas soinujolearen eskutik (piezearen sortzaile biak),- Adarbakarra- obreak pseudo-epika, kitsch estetikea eta fantasia batzen ditu, euskaltasuna garaikidetasunetik birpentsetako, azaldu dabe. Zortzikoak, aizkorak, gudariak, ardi-larru sintetikoak, ortzadarra eta gure memoria kolektiboaren parte diran" mitoak eta doinuak bateratzen dira euskerazko antzezlan eder horretan.
Programazinoaren xehetasunak eta sarrerak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
