Bilboko San Bizente eleizako organo bikaina barriro martxan

Bizkaie! 2026-05-26 09:04   Musikea

Urte bitan konponketak egin ondoren.

Bilboko eleizbarrutiak Aquilino Amezuak (1894) eregitako musika-tresna historikoa barriro inaugurauko da On Joseba Segura bertan dala ospatuko dan ekitaldi nagusian. Inaugurazino-kontzertua, Jose Ramon Rodriguez Vadillo parrokiako organista titularrak emongo dau.

Martitzenean, maiatzaren 26an, organoa inaugurauko dabe 19:00retan, Abandoko San Bizente Martiria parrokian (Bilbao).

Federico Acitores maisuaren ardurapean urte bitan egindako konponketa-lan zorrotzen ostean, musika-tresnea -2.636 soinu-tutu eta 42 joko- barriro martxan da uriko liturgia eta kultur bizitea girotzen jarraitzeko prest.

Inaugurazino-ekitaldia

Oihane Irazu Bizkaia Irratiko kazetariak gidatuko dauan ekitaldiari hasierea emoteko, Fernando Marcos parrokoak aurkezpena egingo dau. Federico Acitores organogile maisuaren eta Jorge Unda Organoetarako Bilboko Eleizbarrutiko Batzordeko idazkari ejekutiboaren arteko barriketaldiak testuinguruan jarriko dau egindako lanaren konplejutasuna. Ondoren, On Joseba SeguraBilboko gotzainak organoaren bedeinkapen-erritoa egingo dau.

Inaugurazino-kontzertua

Jose Ramon Rodriguez Vadillo parrokiako organista titularrak eskainiko dau inaugurazino-kontzertua, organorako musikearen lau gizaldiko istorioa laburtzen dauan egitarauagaz:

Primer Tiento de Primer Tono — Andres de Sola (XVII. g).
• Coral Señor Jesucristo, hijo único de Dios — J. S. Bach (XVIII. g).
• Coral Una rosa florece — J. Brahms (XIX. g).
Fantasía para un Libro de Órgano — M. Castillo (XX. g).

Hurrengo kontzertuak

Organoa konpondu ondoren, aldi barriari ekingo jako San Bizente parrokiako kultur jarduereari. Honako kontzertuak aurreikusita dagoz:

• Bagilak 25, arratsaldeko 19:30ean. Tronpeta eta organo kontzertua, Vicente Olmos eta Ainhoa Barredoren eskutik.
• Garagarrilak 9, 19:30ean. Koral Alkarte eta organo kontzertua, Alberto Saez Puenteren eskutik.

Barriztapenerako eleizbarrutiko egitasmoa

2023tik hasita, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzagaz -200.000 euro urtean-, Eleizbarrutiak, bata dala, bestea dala, atzeratu egin diran organo historikoen konponketa-lanak egin ahal izan ditu era sistematikoan. Gaur arte, tutudun 16 organotan eta 4 harmoniumetan esku hartu izan da eta 11 egitasmo baloretan dihardue.

Orain, musika-tresna nabarmenak konpontzen dabiz: Lekeitiokoa (1856) eta Portugaletekoa (1903).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu