Zeanurin, errotarik errota, familian egiteko ibilaldia
2026-05-08 08:30 Pil-pileanMaiatzaren 10ean izango da Zeanuriko Erroten XIX. Ibilaldia.
Joko Alai Alkarteak atondu dau hemeretzigarren edizinoa eta zehaztu dabenez, 'ibilaldiaren helburuak hasierakoak dira: herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea eta azkenik, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez pasetako aukerea eskaintzea”. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka dagozan errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar zazpiren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.
Joko Alaiko arduradunen arabera, ibilbidea ezin hobea da familian eta umeakaz egiteko, errotak eta euren instalazinoak —presea, kaltzea, anteparea, errotarriak mobimentuan eta artoa ehotzen,
errotapea, energia hidraulikoa...— lasaitasunez ikusteko aukerea emonez. Beraz, domeka goiza kirola eginez eta naturaz gozeteaz gan, erroten mundua ikusteko eta ikasteko aukerea emoten dau ibilaldi honek.
Ibilbide bi atondu ditue antolatzaileek, bata luzea, 14 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 7 kilometrokoa, umeentzako edo ondo prestauta ez dagozanentzako egokitua, jan-edana banatuko dan tokitik helmugara zuzentzen dana. Gainera bisitetan diran errota bitara sartzeko aukerea izango dabe: Errotabarrira —helmugara bidean— eta Olabarrira, azken hau helmugatik 300 bat metrora dago eta.
Urterea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik —azken hau 2015ean zaharbarritu eben Manterolatarrek eta sartu- urtena egin ahal izango da— pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik egingo dabe aurrera.
Urtegia atzean itxi eta berehala Ibargutxiko errotarako bidea hartuko dabe; hemen, ateak zabalik izango dira eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutse bideari —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko da. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uribeko kofradiako lurretan sartuko dira ibiltariak eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira; helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa —Pujana familiak guztiz zaharbarritua— eta hemen be sartu-urtena egiteko aukerea izango da, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Ibilbidea 14 kilometro ingurukoa da baina segurutik hitzorduagaz pozarren geratuko dira parte-hartzaileak, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udabarrian natureak azaltzen
dauan koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Zeanuriko Erroten XIX. Ibilaldia
- Eguna: maiatzaren 10a, domekea.
- Izena emotea: 08:30etik aurrera, herriko plazan: 8 € / Joko Alaiko bazkideak: 5 € / 13 urtetik beherako umeak: 1 €.
- Urterea: 09:00etan, Zeanuriko plazan.
- Ibilbidea: luzea: 14 kilometro inguru. Laburra: 7 kilometro.
- Jan-edana: Alkiberren jan-edana banatuko da.
- Errotetan sartu-urtena: ibilaldiaren hasieran Errotabarriko errotan sartu-urtena egiteko aukerea izango da, bosgarren kilometroan Ibargutxikoan eta azken kilometroan Olabarriko errotan.
- Laguntzaileak: Zeanuriko Udala, Grupo Solitium, Gorbeialde, Beintxa Eraikuntzak, Bizkaiko Mendizale Federazioa.
Bisitauko diran errotak
Ibilbidean zehar zazpi errotaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko, eta errotearen atalak bertatik bertara ezagutzeko aukerea izango dabe.
- Errotabarriko errotea: Otzerinmendiko kofradian dago. 1785ean eregi eben. Zeanuriko errotarik barriena da. Hiru harri ditu. Errota honetan, presea eta anteparea lotuta dagoz konporta baten bidez. Zeanuriko gainontzeko errotetatik bereiztuz, Errotabarrin errotapetik kaltze bat dago urak errekara bideratzeko. 1975eko apirilean itxi eutson lan egiteari eta azken errotaria Andres Aldekoa Ane izan zan. 2015ean guztiz zaharbarritu eban Errotabarri Manterola familiak.
- Ibargutxiko errotea: Ipiñaburuko kofradian dago. XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harriak 1950erantz itxi eutson lan egiteari. 1945ean errotearen azpiko aldean turbina bat eta generadorea jarriz argindarra produziduten hasi ziran Ibargutxin, eta 1978ra arte gitxi gorabehera Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzen eben elektrizidadea. Ibargutxiko errotearen instalazinoak guztiz zaharbarrituta dagoz. Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zan, eta bere heriotzearen ostean, urte batzuetan, Satur semeak jarraitu eban ingurukoentzat eihoten. 2019an Pedro Elexpek erosi eban errotea eta bera da gaur egungo jaubea.
- Olabarriko errotea: Ibarguen kofradian dago. Jatorriz burdinolea izan zan eta Zeanuriko patronoa zan Arriola familiaren jaubetza. Pujanatarren aurretik Manterola familiak ustiatu eban, 1898ko zemendiaren 30ean, San Andres egunean, Isidro Pujana, errentari moduan, errotaren kargu egin zan arte. XX. mendearen erdirantz Benigno Pujanak—Isidroren semeak— errota erosi egin eutsen Arriolatarrei. Benignok errotari lanetan jardun zuen 1995eko urriaren 11n hil zen arte. Aitaren heriotzearen ondoren, Fermin semeak errotearen zaharbarritze lanei ekin eutsen, eta gaur egun guztiz zaharbarrituta dago. Olabarriko erroteak hiru harri ditu. Errotearen ondoan burdinolaren arrastoak azaltzen dira eta erabilitako balantzea be errotan dago.
Zeanuriko errotak
XIX. gizaldiaren amaierarantz Zeanurin sei burdinola eta hamazortzi errota egozan. Ordutik hona jarduera biak indarra galtzen joan dira, holan burdinolen krisiak lantegi horreek desagertzea ekarri eban XIX. gizaldiaren bigarren zatian. Gainbehera horren ondorioz, jente asko labrantzara bueltau zan; nekazaritzara lur gehiago zuzentzeak eta, aldi berean, gora egin eben laboreen uztak eihotzeko premineak erroten beharrizana ekarri eban. Ondorioz, burdinola batzuk errota bihurtu ziran, hori jazo zan Lanbreabegaz, Ibargutxigaz, Altzibergaz eta Olabarrigaz.
Bestalde, erroten agonia XX. mendearen erdialderantz larriagotu egin zan. Orain dala 60 bat urte Zeanurin 11 errota lanean baegozan, 1979an hiruk bakarrik eihotzen eben, euretako bik etxerako; gaur egun, noizbehinka eta era testimonialean Errotabarrik, Ibargutxik eta Olabarrik eihotzen dabe.
Zeanuriko errota guztiak hidraulikoak izan dira eta udalerriko lau erreka nagusien inguruan eregi zituen:
- Arratia errekea: Lanbreabe, Ibargutxi, Alkiber, Errotabarri, Altziber eta Olabarri.
- Beretxikortakorrekea: Goikoerrota, Erdikoerrota, Barrengoerrota eta Undurraga.
- Uribeko errekea: Atxiti, Intxaurbe, Axpe eta Zulaibar.
- Asterriko errekea: Ibarre, Landaburu, Akeuri eta Uribiarte.
Hamazortzi errota horreetatik lau burdinola izan ziran: Lanbreabe, Ibargutxi, Altziber eta Olabarri. Beste ola bi be egon ziran: Olazar eta Undurragako Olabarri.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
