Bermeoko Nautika Eskoleak jasoko dau XXIX. Hegaluze Saria

Bizkaie! 2026-05-05 10:45   Pil-pilean

Arrain Azokearen inaugurazino ekitaldian, maiatzaren 22an.

Arrain Azoka alkarteak aho batez erabagi dau 2026ko XXIX. Hegaluze Saria Bermeoko Nautika Eskoleari emotea, autortza publikoa eginez arrantzearen munduan prestakuntzeak dauen oinarrizko garrantziari eta, batez be, Bermeoko Nautika Eskoleak azken 50 urteotan egindako ekarpen esanguratsuari, izan be, arrantza sektorea lehiakorra eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko kapaz izango bada, ezinbestekoa da kalidadeko formakuntzea.

Testuinguru horretan, Nautika Eskoleak herrian bertan eskaintzen dauen hezkuntza zerbitzua balio handikoa da, eskaintza anitza eta espezializatua bermatzen dauelako, eta itsasoari lotutako lanbideak aukera profesional duin eta erakargarri lez kokatzen laguntzen dauelako. Mende erdiko ibilbidean, eskarmentu handiko erakundea dala erakutsi dau Nautika Eskoleak, egokitzeko eta barritzeko gaitasuna erakutsiz, eta oraindino be etorkizunera begira zer eskaini handia dauela agirian itxita.

Era berean, bere izaera integratzaile eta anitzagaitik nabarmendu da: hainbat herrialdetatik etorritako ikasleak hartzen ditu, askorentzat bizi-proiektu barri bati ekiteko ateak zabalduz.

Beste alde batetik, azpimarratzekoa da emakumeen presentzia eta integrazinoa modu naturalean bultzatu izana, beti maskulinizatua izan dan sektore batean aukera-bardintasuna sustatuz. Esangura horretan, Nautika Eskoleak izaera herrikoia izan dau beti, eta alkarlaneko jarrerea erakutsi dau tokiko beste hezkuntza-eragileakaz, baliabideak konpartiduz eta komunidadea indartuz.

Arrain Azokeagaz izandako lotura estua be azpimarratzekoa da: urteetan zehar modu aktiboan parte hartu dau, eta momentu jakin batzuetan ekimen bereziak bultzatu dira, besteak beste, Juan de la Cosa itsasontzi-ospitalaren bisitak, herritarrentzat esperientzia aberasgarriak eskainiz.

Ezin ukatu Bermeok arrantzearen munduan dauen ospea eregiten lagundu dauen eragileetako bat Nautika Eskolea bera izan dala, bertan formautako profesionalek mundu osoan zehar egindako lanari esker.

Hori guztia dala eta, momentu egokia da erakunde honi merezidutako autortzea egitea, bere 50. urteurrenaren harian eta itsasoagaz eta arrantzeagaz lotura estua dauen Arrain Azokearen testuinguruan.

Aurtengo Arrain Azokea maiatzaren 22tik 24ra izango da, eta Hegaluze Sariaren banaketea maiatzaren 22an egingo da, inaugurazino ekitaldiaren barruan. Ekitaldi horrek hasierea emongo deutso, beste behin be, Bermeoko agenda sozioekonomiko eta kulturalaren hitzordu garrantzitsuenetako bati.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu