Mungiak 'Su Bizia! piztuko dau San Juan gaua eta Deabru Beltzak konpainiaren 30. urteurrena ospatzeko

Bizkaie! 2026-06-15 11:27   Pil-pilean

Bagilak 23: Mungia Bizkaiko kale-arteen topagune bihurtuko da.

Sua, tradizinoa, musikea, jantzak, piroteknia, bertsoa eta herritarren parte-hartzea buztartuko dituan ikuskizun berezi bategaz.

Mungiako Udalak eta Deabru Beltzak konpainiak atonduta eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzeari esker, Su Bizia! San Juan Gaua Mungia 2026 ospatuko da, arratsaldean hasi eta gauera arte iraungo duaen egitarau zabalagaz.

Mungiako alkateak, Alaitz Erkorekak, nabarmendau duenez, ekimenak herria bera jarten dau ospakizunaren erdigunean: bagilaren 23an, Mungiak sua biztuko dau, baina batez be herria biztuko dau: kalean, alkarrekin eta kulturearen bidez. ‘Su Bizia!’ herritarrentzat eta herritarrakaz pentsautako ospakizuna da, San Juan gauaren tradizinoa gaur egungo kultura sorkuntzeagaz lotuko dauena”. 

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak, Leixuri Arrizabalagak, proiektuaren balio kulturala eta lurralde ikuspegia azpimarratu ditu: Kaleko arteek kultura herritarrengana modu zuzenean eroateko gaitasun handia dabe. ‘Su Bizia!’ lako proiektuek erakusten dabe kultura ez dala soilik programazinoa: lurraldea aktibetako, komunidadea batzekio eta sorkuntza garaikidea espazio publikora eroateko tresna indartsua da.

Deabru Beltzak konpainiako zuzendaria dan Garbitxuk, barriz, urteurrenaren dimensino artistikoa jarri dau erdigunean: guretzat 30 urte betetea ez da atzera begiratzeko momentua bakarrik; barriro kalea hartzeko, sua bizteko eta jenteagaz batera ospatzeko aukerea da. ‘Su Bizia!’ ospakizun berezia izango da: akelarrea, kalea, musikea, piroteknia eta herritarren energia alkartuko dituan gaua.

Parte hartuko daben talde eta eragileek

● Deabru Beltzak.
● Taket Mungiako Bertso Eskolea.
● Zirkozaurre Taldea.
● Kalaka egurrezko jolasak.
● Dimegaz / Janire Etxabe.
● Bizkaiko Gaiteroak.
● Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskola.
● Gure Ametsa Txistulari Taldea.
● Alaiak Mungiako Soinulari Elkartea.
● Markeliñe Taldea.
● Orain Bi Taldea.
● Musika Eskolako trikitilariak.

Mungiak kultur hitzordu berezia biziko dau datorren bagilaren 23an. Su Bizia! San Juan Gaua Mungia 2026 ekimenak San Juan gauaren indar sinbolikoa, kaleko arteen ikusgarritasuna, herritarren parte-hartzea eta Deabru Beltzak konpainiaren 30. urteurrena batuko ditu arratsaldetik iluntzera arteko ospakizunean.

Mungiako Udalak eta Deabru Beltzak konpainiak atondutako ekimena izango da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzeagaz. Helburua ez da bakarrik San Juan gauaren inguruko egitarau bat eskaintzea, Mungia kultur sorkuntzearen, tradizino barrituaren eta kaleko arteen erreferentziazko gune bihurtzea egun batez baino.

Su Bizia! izenak berak jasoten dau ekimenaren espiritua: sua ez da hemen elementu ikusgarri hutsa izango,  komunidadea batzeko, herria aktibetako eta tradizinoa gaur egungo sormenetik berrirakurteko ikurra baino. Udako solstizioaren eta San Juan gauaren inguruko iruditeria kaleko arteakaz, musikeagaz, jantzeagaz, bertsoakaz eta pirotekniaren lengoaiagaz alkartuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu