'Pensar Mañana' gogoetarako eta esperimentazinorako gune berezia sortu da
2026-05-06 09:18 KultureaArtea, zientzia eta teknologia buztartuz, bai orainari aurre egiteko, zein etorkizuna eregiteko.
Lekutan kultura produkzino-etxeak bultzatutako proiektu hau, berbaurre formatuan hasiko da datorren maiatzaren 7an Bilboko Guggenheim Museoan. Andrea Estankona Loroño eta Mawa Ordúñez (Lekutan) eztabaidarako, sormenerako eta ikaskuntzarako diziplinarteko lekua sortu nahi dabe. Lehenengo ekitaldian pentsamendu zientifiko, filosofiko eta artistikoko persona nabarmenak izango dira: Sonia Contera, Oxfordeko Unibersidadeko Fisikako katedraduna; Javier Echeverría, saio-idazle eta zientzia, teknologia eta barrikuntza arloen filosofoa; Jaime de los Ríos, New Art Foundationeko zuzendari teknikoa; Natxo Rodríguez, ACTS sareko (Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea gaztelaniazko siglen arabera) Euskadi nodoaren arduraduna; eta Fer Moraga, Sara Vega, Mery Campos, Arantza Lauzirika, Edurne González, Niko Vázquez eta Jone Elorriaga artistak.
Bilbo izango da Pensar Mañana proiektuaren abiapuntua. Barria dan proiektua hain zuzen be, esperimentazino, ikerketa eta jakintzearen produkzino interdiziplinarreko egitura bat sortzeko sortua izan dana, pentsetan dogun moduaren eta pentsamendu horrek etorriko dan mundua zelan eratzen dauen kontuan hartuta. Andrea Estankona Loroñok eta Mawa Ordúñezek osotzen daben Lekutan kultur produktoreek bultzatuta, proiektuak eboluzinoan dagoan plataforma legez aurkezten da, berbaldiak, artea eta esperimentazinoa buztartuko dituana, denporan formatu eta gailu barrietara aldatuz.
Pensar Mañana, metodologia jarraitu eta integrala aldarrikatuz, adierazoteko eta entzuteko funtzino bikotxa proponiduten da. Sortzaileek irudimen militantearen ariketa bezela ulertzen dabe ekimena, esparru teoriko itxia baino gehiago. Adimen artifizial barrien agerpenak eta sorkuntza-kodeen eraldaketeak markautako testuinguruan, proiektuak maila kolektiboan birpentsetako animetan gaitu, gizakiaren eta bere teknologien mugen aurrean.
Guggenheim Bilbao Museoan izango dan inaugurazinoko berbaurrean, ikuspegi hori zabalduko dau alkarrizketak eta proposamen artistikoak lotuko dituan programa baten bidez. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren edegiera instituzionalaren ondoren, Sonia Conterak Javier Echeverriagaz berba egingo dau zientziak eta teknologiak bizi garen errealidade barria eregiteko gizartean daben eraginaz, baita teknopersona bihurtzen gagozan moduaz. Ondoren, Jaime de los Ríosek eta Natxo Rodriguezek zientziaren eta artearen arteko produkzino tarteak jorratuko ditue, giza esperientziari zentzuna eta balioa emoteko lanean.
Programea hainbat esku-hartze artistikok osotzen dabe: Martha Roslerren Semiotics of the Kitchen (1975) ikus-entzunezko lanaren barrinterpretazinoa, New Yorkeko artistek emakumeak etxean dauen zereginari buruzko performance parodiko bat egiten dabe. Berrogeita hamar urte aurrerago, Arantza Lauzirikak, Edurne Gonzálezek eta Niko Vazquezek artelanaren zentzuna berrinterpretau dabe begirada bisual eta kritikoa oinarri hartuta, teknologia eta adimen artifiziala erabiliz.
Beñat Krolemek TORÁCICA aurkeztuko dau, momentuko inprobisazino prozesua azpimarratuz, bertsolariaren performazino ohiturak aldatzeaz gan, lan egiten dauen arlo kultural eta teknikoa agirian jarri eta urratzen saiatzen da.
Jone Elorriagaren site-specific proiektu bat be aurkeztuko da, ekitaldirako beren-beregi sortua. Besaulki patioan kokatuta egongo dan esku-hartze eskultorikoa, bertaratutako gainerako personen alboan.
Bestalde, Fer Moragak, Sara Vegak eta Mery Camposek, EHUko ACTP masterreko ikasleek, beren SERVITOR ikerketako emoitzak erakutsiko ditue. Proiektu horrek eskultura, irudia eta soinu-esku-hartzea buztartzen ditu pulsinoaren, mugearen eta organikotasunaren ideak problematizetako, dinamika autosuntsitzaile kodetuaren bidez. Esku-hartze artistiko horreek proiektuaren izaerea indartzen dabe, pentsamendua ez baita diskursibora mugatzen, sentiberatasunetik eta performatibotik be aktibetan baita.
Pentsamendua arrazoiagaz eta kontrolagaz identifiketan dauen ikuskera menperatzailearen aurrean, -Pensar Mañana- lanak oinarrizko beste dimensino batzuk aldarrikatzen ditu: irudimena, emozino estetikoa edo fabuletako gaitasuna. Pentsetea, imajinetea, poetizetea eta ames egitea be bada, planteetan dabe bultzatzaileek, errealidadea interpretetako eta eregiteko erabilten ditugun esparruak zabaltzeko beharrari eutsiz.
Proiektuaren aurkezpenean, aitatu berbaurrea pentsamendu-modu sortzaile ezbardinen arteko alkargunearen lehen gauzatze lez proponiduten da: bizirik dagoana errebindiketan dauen zientzia, ulertzen laguntzen deuskuen kontzeptu barriak topetan dituan filosofia eta irudikatzen doguna adierazoten eta itxuratzen dauen artea. Talka edo topekada horretan, kontraste horretan, ezezagunagaz berba egiteko modu ugarietan barrikuntzea eta aukera barriak sortzen dirala sinistuta.
Pensar Mañana Lekutan taldearen proposamena da (Andrea Estankona Loroño eta Mawa Ordúñez) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren babesa dauka.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
