Bost 'sagar' irabazi leikiez Euskal Herriko arte eszenikoek Méridako 29. Max Sarietan

Bizkaie! 2026-05-26 07:43   Kulturea

Jesús Cimarro eta Ezezagunok Ohorezko eta Afizionatua Sariak ditugu daborduko.

Erretratua:© S.Codina / SGAE Fundazioa. | Ikusi handiago | Argazki originala

SGAE Fundazinoak Mérida – Arte Eszenikoen 29. Max Sarietako Euskal Herriko finalistakaz topaketea egin dau bagilaren 1eko Erromatar Antzokian egingo dan sariak emoteko ekitaldiari begira. Prentsaurrekoa Euskadiko SGAEk Bilboko Campos Eliseos Antzokian dauen egoitzan izan da.

Euskadi eta Nafarroako protagonistek bat egin dabe agerraldi honetan sarigai dituen lanen xehetasunak azaltzeko. Badira dagoeneko 2026ko edizinoan emongo diren hiru sari berezietatik bi geurean geratzen diranak: Max afizionatua Irungo Ezezagunok Antzerki Alkartearentzat eta Ohorezko Max Saria Jesús Cimarro ermuarrarentzat. Fran Lasuen konpositoreak gidatu dau eguerdiko alkarretaratzea, SGAE Euskadiko Lurralde Kontseiluaren izenean eta, aurten, Andereño antzezlanagaz Musika-zuzendaritza onena Sariari eusten deutsolarik.

Erakundeetako ordezkariek suerte on opa deutse finalistei, tartean, Ana López, Eusko Jaurlaritzako kultura sustatzeko eta kultura zein sormen industrietako zuzendaria, Goizane Álvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura, lankidetza, gazteria eta kirol ahalduna, eta Eunate Encinas zein Iñaki López de Aguileta, Irungo eta Bilboko Udaletako kultura zuzendariak.

Protagonistei jagokenez, Andereñor lanari jagokonez (Musika-zuzendaritza onenagaz Fran Lasuen, Argiztapen-diseinu onenagaz Ion Chávez eta Umeentzako, gazteentzako edo familientzako ikuskizun onenagaz irabazle suertau daitekeen lana), Iván Alonso eta Rocío Pindado (Portal 71), Miren Larrea (Anita Maravillas) zein Ion Chávez izan dira. Ordezkari publikoei euskal eszenaren maileari eustea ahalbidetzen duen sare profesionalari adi egoteko eskatu deutse. Ivan Alonsok bere konpainiaren lana eta ahalegina egiaztatu ditu, lan serioa, zorrotza, egiten gabiz, baita erronkeak gure gan hartzen ditugula be, nahiz eta, sarritan, testuiguruak nonbait kale egitera konbidatzen gaituan.

Welcome & Sorry obrearen izenean (Kaleko ikuskizun onenaren sarirako hautagaia), Gorka Ganso eta Cecilia Paganini (Ganso & Cía) taldekideek egin dabe berba: SGAEri eta bere Fundazinoari kaleko antzeskizunari emon deutson zeregin garrantzitsua eskertu deutse eta gure lana merezidutako lekura eroan izana be, Max Sarien artean sartu barria baita kategoria lez.

Las Nenas Theatre bikote nafarrak Errebelazio ikuskizun onenari eusten deutso Torcidxs lanagaz. Ane Sagües eta Cristina Tomás ditugu erantzule eta komunikabideen aurrean erakundeen babesa eskertu dabe, bide batez, sortzen dagoan antzerkigintzeari eta arrisku-proposamenei be zehatz nabarmenduz, ez baita beti erraza izaten eustea eta askotan ez baita ulertzen, zehaztu dau Tomasek.

Euskal esentzia hiru sari berezietako bitan

Aurtengo hiru sari berezietatik bi esleituta dagoz daborduko. Lehenengo eta behin, Ohorezko Max Saria emon jakon Jesús Cimarro sustatzaile ermuarrari, Arte Eszenikoei emondako laguntzeagaitik, betibere Egile Eskubidearen errespetutik abiatuta, eta antzerki-enpresari lez erakutsitako gaitasunagaitik. Katalogo zabal bategaz, Cimarro hainbat alkarte kolektiboren buru da, antzoki bi kudeatzen ditu eta Méridako Antzerki Klasikoaren Jaialdia zuzentzen dau.

Joan den maiatzaren 12tik, jakina da Max Saria afizionatua edo soziala. Modalidadea: afizionatua, Irungo Ezezagunok Antzerki Alkartera joan da, antzerkia gizarteratzeko, ahalduntzeko eta desgaitasun intelektuala daben personak adierazoteko tresna bihurtzeko dauen ibilbideagaitik eta gaitasunagaitik, bai eta antzezleak eta publikoak prestetako agertutako bokazinoagaitik be.

Cimarro SGAE Madrileko beste finalista batzueakaz batera agertu dan bitartean, Ezezagunok alkartearen izenean bere egungo zuzendari biak izan dira Bilbon: Luisma Moreno eta Miren Etxeberria (Ana Pérez, 2024an hildakoa, 2007tik proiektua bultzatu ebana). Miren Etxeberriaren arabera, gure kasuan garrantzitsuena ez da kontetan doguna, nork kontetan dauen baino aniztasunaren eta bardintasunaren ikuspegitik. Luisma Morenorentzat lujoa da sari honetaz eta momentu honetaz gozetea sano miresten ditugun lankideen eskutik.

Laster, Ikuslegoaren Max Txalo Saria emongo da ezagutzera. Publikoaren babes handiagoa jaso dauen ikuskizunari emoten jako sari hau, ikusle asko batu ditulako eta aretoetan denpora gehien iraun dauelako. Hirugarren sari berezia dgu, Maxen barruan.

Izentautakoen izenak konsultau hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu