Aitor Estebanek eta Andres Urrutiak foraltasunaren indarraldia aldarrikatu dabe

Bizkaie! 2026-05-04 07:47   Kulturea

Hermes aldizkariaren azken zenbakian.

Sabino Arana Fundazioak argitaratzen dauen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariak 83. zenbakia kaleratu dau; euskal historiaren oinarrizko urteurren bi ardatz dituan edizino monografikoa da azken aldizkaria: Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena (1526) eta 1876ko foru abolizinoaren 150. urteurrena. Euskal foruen ibilbide historikoan berebiziko garrantzia daben mugarri bi dira horreek, foruak arauz finkatu ziranetik azken karlistaldia amaitu eta gero indarbakotu ziran arte.

Historialari, legelari eta gizarte-zientzietako adituen ekarria batu da aldizkariaren azken zenbakira, foraltasunak sistema juridiko, politiko eta sozial lez izan dauen bilakaeera aztertzeko asmoz.

Zenbaki honen ardatz nagusietako bat Aitor Esteban Zuzenbideko doktore eta EAJ-PNV alderdiko EBBko presidentearen eta Andres Urrutia Zuzenbideko doktore, notario, euskaltzainburu eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako presidentearen arteko alkarrizketea da. Biek gogoetea egin dabe foruak XXI. mendean daukan indarraldiaz.

Zuzenbideko doktore diran Euskal Zuzenbide Zibileko aditu bi horreen alkarrizketa sakona oso-osorik ikusi daiteke hemen.

Forua etenbako negoziazinoa da, barruko eta kanpoko ituna, inposaketearen guztiz kontrakoa aldezten dauen idearen harian, biak bat datoz foraltasuna tradizino bizia dalako pentsamoldeagaz, akordioan eta egokitzapenean oinarritua, eta egungo Europako ingurumarira zabaltzeko gaitasuna dauela dinoe.

Era berean, autogobernua berreskuratzeko transizino politikoaren oinarrizko zeregina aletu dabe barriketaldian, eskubide historikoen aldeko jarrerearen garrantzia eta eskubide horreen autorpena nabarmenduz Konstituzinoan, autogobernu-guneak berreregiteko bide pragmatiko eta eraginkor lez.

Beste alde batetik, Ekonomia Itunak eta foru-tresnek tradizino paktista horren adierazpen garaikide lez daben balioa azpimarratu dabe, bai eta ikuspegi historiko eta juridiko batetik norberak erabagiteko dauen gaitasuna aldarrikatzen jarraitzeko beharra be.

Historiatik, Zuzenbidetik eta Kulturatik egindako ekarpenak

Kolaborazinoetan, Andres Urrutiak Foru Zuzenbide Zibilaren iraupena eta gaurkotzeko ahalegina jorratu ditu; Joseba Agirreazkuenaga ikertzaile eta historialariak, barriz, foruen bilakaerea jorratu dau XIX. mendeko testuinguruan, estadu liberalaren eregitearen inguruabarrean. Bestalde, Gotzon Lobera euskaltzain urgazleak Foruaren eta euskerearen arteko hartu-emonei heldu deutse, foro-erakundeetan hizkuntzen bizikidetza historikoa eta itzulpenaren zeregina nabarmenduz, Batzar Nagusiak erakundearen parte-hartzea eta ulermena bermatzeko.

EHUko Ekonomia Itunaren katedrako Eduardo J. Alonso edo Emilio Olabarria legelariaren ekarpenek foru sistemearen alderdi juridiko, sozial eta politikoari begiratzen deutse, diziplina anitzeko ikuspegiz, besteak beste, dimensino instituzionala azalduta eta gizarte babesa edo komunidadea atontzearen ondorioak jorratuta.

Zenbaki honen bidez, Hermes aldizkariak foruen ibilbide historikoari eta orainaldian dauen garrantziari buruzko begirada labur baina sakona eskaini dau, autogobernuaren adierazpen eta egungo gizartearen erronkei aurre egiteko tresna baliogarri moduan dauen balioa aldarrikatuz.

Azkenik, bigarren urteurrenean, aldizkariaren bigarren aldian kolaborau daben edo irakurle izan diran persona batzuen eretxiak be jasoten ditu argitalpenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu