Kirikiño Ikastoleak 'Euskara Mila Koloretan' lehen pintura lehiaketeari ekingo deutso Ibilaldian

Bizkaie! 2026-04-30 10:03   Kulturea

Ekimenak artea, euskera eta komunidadea buztartuko ditu.



2026ko Ibilaldiak barrikuntza esanguratsua ekarriko dau: lehen aldiz, Euskara Mila Koloretan pintura lehiaketea egingo da, helduentzat zein umeentzat. Ekimena maiatzeko azken astegoienean landuko da, Ibilaldia ospatuko dan astegoienean bertan: maiatzaren 30ean ume eta gazteen txandea izango da eta maiatzaren 31n, Ibilaldiaren egunean, helduena.

Kirikiño Ikastoleak sustatutako proposamen honen helburua da euskerearen aldeko jaiaren giroa, euskal kulturea eta komunidadearen bizitea sormenaren bidez islatzea eta artea jaialdiaren parte aktibo bihurtzea. Ekimenak Ibilaldia edade guztietarako espazio sortzaile eta parte-
hartzaile lez sendotu nahi dau.

  • Helduentzako lehiaketea: pintura-lehiaketea maiatzaren 31n egingo da, Ibilaldiaren egun berean. Parte-hartzaileek Ibilaldiaren esparruan bertan pintauko dabe, momentuan bertan sortutako lanetan, jaialdiaren giroa, paisajeak eta bizipenak zuzenean jasoz.

Lehiaketa banakakoa izango da eta parte-hartzaile bakotxak obra bakarra aurkeztu ahal izango adu. Gehienez 100 lagunek hartu ahal izango dabe parte. Izen-emotea egunean bertan egingo da baina aurrez izena emoteko aukerea be badago dago apirilaren 27tik maiatzaren 10era.

Jardunaldia 11:00etatik 17:00etara izango da eta lanak epe horren barruan entregau beharko dira. Ondoren, hiru kidez osotutako epaimahaiak lanak balorau eta 18:00etan emongo dau erabagiaren barri.

  • Umeen eta gazteen lehiaketea: sormena norberaren erritmoan. Lehen edizino honetan, ume eta gaztetxoentzako lehiaketa bereizia be atondukoda da, maiatzaren 30ean, Ibilaldiaren bezperan.

Kategoria honetan, parte-hartzaileek aurrez jasotako laminetan egingo ditue margolanak, bakotxak bere erritmoan eta nahi dauen teknikeagaz. Laminak maiatzaren 18ko astean banatuko dira (ikasleen kasuan, tutoren bidez; eta DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako ikasleentzat, ikastolako idazkaritzan).

Behin lanak eginda, maiatzaren 30ean bertan entregau beharko dira Kirikiño Ikastolan 17:00etatik 18:00ra. Epaimahaiak balorazinoa egin ondoren, 19:00retan egingo da sari banaketea.

Aurkeztutako lan guztiak —sarituak zein ez— ikusgai egongo dira ikastolan, bai egun horretan bertan bai Ibilaldiaren egunean, ekimenari dimensino kolektibo eta erakusgarri bat emonez.

Ibilaldia kolorez, euskeraz eta sormenez

Euskara Mila Koloretan ekimenak Ibilaldia beste maila batera eroango gaitu, kulturea, sormena eta parte-hartzea buztartzen dituan topagune bihurtuz. Aurtengo edizinoak aukerea emongo dau Ibilaldia ikuspegi personal eta kolektiboetatik biziteko, kolorez, euskeraz eta artez.

Lehiaketen oinarriak eta izen-emoteari buruzko informazino guztia eskuragarri dago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu