VI. Balearen Egunerako hilabeteko egitaraua atondu dabe Orion

Bizkaie! 2026-04-30 08:07   Kulturea

2026ko maiatzaren 14an 125 urte beteko dira Orion euskal kostaldeko azken balea harrapatu ebenetik. 

Urteurren bereziaren bueltan, Orioko Udalak, herriko eragileakaz alkarlanean, ia hilabeteko egitaraua prestau dau Balearen Eguna ospatzeko. Holan, apirilaren 24tik maiatzaren 17ra kontzertu bereziak, hitzaldiak, herri-afaria, artisau azokea, umeentzako ikuskizuna eta beste hainbat kultur-ekimen batuko ditu programeak. Ekintza moltsoaren barruan, maiatzaren 16an izango da jai nagusia, Balearen Eguneko ospakizun handia.

Anuska Esnal Orioko alkateak adierazo dauenez, Balearen Egunak indar sinboliko handia dauka oriotarrontzat, herriaren iruditeriagaz eta memoria kolektiboagaz estu lotuta dagoalako. Eta Xabi Ibarguren Kultura zinegotziak ondokoa azpimarratu dau: aurtengo programeak joandakoak gogoratzeko eta gaur egungo begiradatik herriaren etorkizunaz hausnartzeko be balioko dau.

Herri-ikuskizuna, ospakizunaren erdigunean

Balearen Eguna maiatzaren 16an egingo da, zapatuan, eta ohi bezela, herri-antzerkia izango da egunaren ardatz nagusia. 11:45ean hasita, antzerkitxoak egingo dira herriko Alde Zaharrean, eta 12:30etik aurrera, balearen kazea, moilara etorrerea eta herritarren jaia irudikatuko dira, antzerkia, jantzak eta musikea buztartuta. Jarraian, Udalak mahaiak eta jarlekuak jarriko ditu herritarren eskura Herriko Plazan, nahi dabenek bertan mokaua egiteko aukerea izan deien. Arratsaldean, Ttipika jantza gidatuakaz eta Itzal erromeriagaz gozetako aukerea izango da, eta gauean DJ Ostok jarriko dau musikea.

Ibargurenen eretxiz, aurten ahalegin berezia egiten gabiz Balearen Eguna atontzen, urteurrenak merezidu dauen neurria izan daian. Azaldu dau herri-ikuskizunaren gidaritzea Xanti Agirrezabalaren eta Erika Olaizolaren esku itxi dauela aurten Udalak, Iñake Irastorza herrikidea erretiroa hartuta dagoalako eta 150etik gora herritarrek emon dabela izena antzerkian parte hartzeko. Antzezlanak aukerea emongo dau herriaren bilakaerea erakusteko, aurreko edizinoetan bezela, orain 125 urteko Orio irudikatuko baita.

Benito Lertxundiri omenaldia

Aurtengo programaren mugarri nagusietako bat izango da Benito Lertxundiren omenez egingo dan kontzertua. Orioko musikariak 2024an laga eitson kontzertuak emoteari eta Balearen Egunaren testuinguruan, autortzea egingo jako haren ibilbide artistiko oparoari. Omenaldi modura, Et Incarnatus orkestra sinfonikoa eta Euskal Herriko lau ume-abesbatz izango dira oholtzan, Lertxundiren abesti ezagunenak interpretetako.

Olatz Zugastik kontau dauenez, Udala geugaz hartu-emonetan jarri zan Balearen Egunaren bueltan zeozer berezia egiteko eta aurrez izandako esperientzian oinarrituta, Et Incarnatus eta umeen abesbatzakaz kontzertua egitea erabagi zan. Gogotsu gagoz, saio berezia izango baita. Migel Zeberio orkestrako zuzendariak gaineratu dauenez, ilusino handiz hartu dot proposamena, eta hilabeteetako lanaren emaitzea izango da kontzertua. Danetara, 150 parte-hartzaile izango ditu kontzertuak; 50 musikarik osotuko dute orkestra sinfonikoa, eta 100 umek abesbatza. Kontzertu berezia hilaren 17an izango da, 20:00etan.

Barriketaldia Benitogaz, Arraunetxen

Omenezko kontzertuaz gan, Benito Lertxundigaz barriketaldia egingo da Arraunetxen, maiatzaren 7an, 19:00retatik aurrera. Holan, herritarrek aukerea izango dabe Lertxundiri bere ibilbide artistikoari, abestiei, bizipenei eta bestelakoei buruzko galderak egiteko. Gainera, aurreko egunetan be bialdu ahal izango dira Benitorentzako galderak, Udalak horretaratuko ahalbidetuko dauen esteka baten bidez.

Sormen Bizian Bekea: Benito Lertxundi

Orioko Udalak 2024an aurkeztu eban Orioko Kulturearen Egoerearen Plan Estrategikoa. 2024-2028 epealdirako osatu den dokumentuan zehazten denez, herritarrei sorkuntzarako baliabideak eta espazioak bermatzea da planaren helburu estrategikoetako bat. Hori lortzeko bidean, ekintza zehatz bezela jasota dago sorkuntzea sustatzeko Sormen Beka bat garatzea.

Udalak 2026an ikusi dau egitasmo hori gauzatzeko aukerea eta Balearen Egunaren testuinguruan aurkeztu, izan be, bekearen lehen edizinoan, Benito Lertxundiren biografian edota obra artistikoan oinarritutako lanak aurkeztu beharko ditue interesdunek. Proposamenak oinarri arautzaileetan zehazten danez balorauko dira, eta ondoren, puntu gehien lortu dituan proiektuari emongo jako bekea.

Udalak aurreratu dauenez, dirulaguntzea 7.000 eurokoa izango da, eta datozen egunetan emongo ditue xehetasunak, oinarri arautzaileak plazaratzen dituenean.

Danbolin Musika eta Jantza Eskolearen 40. urteurrena

Orioko Danbolin Musika eta Jantza Eskoleak 40 urte beteko ditu aurten eta Balearen Egunaren testuinguruan, urteurrena ospatzeko kontzertu berezia egingo da maiatzaren 9an, 22:00etan Karela kiroldegian, eta Elena Errasti zuzendariak adierazo dauenez, “Danbolinen parte izan diran eta garen musikariok atondutako saioa izango da, 350 lagunetik gora batuko dituana”.

Danbolinek lau hamarkadatan egindako ibilbidea eta herriari egindako ekarpena islatuko dira emonaldian.

Larraitz Lopetegi diseinatzailearen kartela

Balearen Eguneko kartel lehiaketako irabazlea Larraitz Lopetegi izan da, helduen kategorian, eta berak egindako lana da aurtengo ospakizunaren irudi nagusia. Poz handia hartu neban irabazlea nintzala jakindakoan, ez neban espero. Ume eta gaztetxoen kategorian, barriz, Alex Barrancoren kartela izan da irabazle.

Kantu-afari herrikoia, itsas-ondareari lotutako hitzaldiak eta askoz gehiago

Aitatutako ekitaldi nagusiez gan, dozena bat saio programau ditue apirilaren 24tik maiatzaren 17ra. Ekimen horreen helburua izango da herritarrak maiatzaren 16ko ospakizunaren aurretik girotzen joatea eta, aldi berean, herriko itsas ondareari lotutako ezagutzak konpartidutea eta herritarrentzako topaguneak sortzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu