Idoia Santamariak irabazi dau X. (H)ilbeltza bekea

Bizkaie! 2026-04-30 09:34   Kulturea

Dürrenmatt-en eleberri bat euskeratzea izan da asmoa.

Euskerazko nobela baltza sustatzea da (H)ilbeltza bekearen helburua eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten itzulpen lana egiteko bekea egokitu da; hain zuzen be, Fiedrich Dürrenmatt idazlearen Das Versprechen eleberriaren itzulpena egiteko egin da deialdia, eta Idoia Santamaria Urkaregi itzultzaile donostiarra izan da saritua. Epaimahaiak haren alde egin dau, bekara aurkeztutako 11 laginak aztertu ondoren. Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Amaia Apalauza aurreko irabazle eta (H)ilbeltza alkarteko ordezkaria eta Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxeko ordezkaria izan dira epaimahaikide. Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 lana aamaituten dauenean. Ondo bidean, 2027ko abenduan argitaratuko dau Txalaparta argitaletxeak, eta 2028ko abenduan aurkeztuko dabe lana, (H)ilbeltza ekimenean.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza alkarteak eta Txalaparta argitaletxeak deitzen dabe bekea, alkarlanean. Baztanek aspalditik dauka euskal nobela baltzagaz loturea,izan be, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziran lehenengo euskal nobela baltzak. Euskal Nobela Baltzaren astearen harian sortu zan bekea. Beraz, esan daiteke Baztan euskerazko nobela baltzaren erreferentziazko eskualdea dala.

Lehen edizinotik, 2019an, ondoko eleberri baltz honeek argitaratu dira bekeari esker: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak; Patricia Highsmith estadubatuarraren Lardaska, Josu Barambonesek euskeratua; Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak; Massimo Carlotto italiarraren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik itzulia; Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu; Fred Vargas frantsesaren Altxa, hildakoak, Beñat Irastorzak euskeratua; Joxan Oizen Amazurtza; eta argia ikusten azkena, Guillem, Nuria Cadenesek idatzi eta Amaia Apalauzak euskerara ekarria. Gaizka Sarasolarena izango da hurrengoa eta, ondo bidean, neguagaz batera helduko da bere lana.

Epaimahaikideen epaia

Itzulgaiaren erregistroa eta Durrenmatten estilo berezia egoki euskeratu dituala zehaztu dabe epaimahaikideek, joskereari arreta berezia jarri deutsola argudiatuta. Era berean, uste dabe Santamariak asmau egin dauela alemanetik itzultzerakoan berbakera neutroa eta zehatza erabilten.

Idoia Santamaria

Donostiar itzultzailea da. Urteetako lanaren esperientzia dau, beti bere euskerearen bueltan: irakaskuntzan, itzultzaile, bikoizle eta interprete. Literatur itzulpenen arloan be badau moltso ederra, izan be, besteak beste, Marx, Sebald, Bachmann eta Durrenmantt bera be itzuli ditu. 2018an argitaratu eben Literatura Unibersaleko bildumearen barruan egile beraren Epailea eta haren borreroa, EIZIEk atondutako itzulpen sariketea irabazi ostean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu