2026ko Aste Nagusia iragarteko Kartel Lehiaketea martxan
2026-04-30 12:29 KultureaLanak aurkezteko epea maiatzaren 31ko 23:59ak arte egongo da zabalik.
Lehiaketea diseinu grafikoaren arloko profesional eta zale guztiei dago zuzenduta, edozein nazionalidadetakoak izan daitekezanak. Proposamenak Bilboko Udalaren webgunean aurkeztu leikiez eta bertan Aste Nagusia 2026 Kartel Lehiaketa izeneko esteka bat egongo da, lehiaketearen oinarrietara eta izena emoteko inprimakira zuzenean sartzeko.
Parte-hartzaile bakotxak gehienez lan original eta argitaratu bako 2 aurkeztu ahal izango ditu, izenburu edo lelo bategaz identifikauta. Zehatz balorauko da Bilboren aniztasuna islatzeko gaitasuna, besteak beste, generoari, sexu-orientazinoari, kultureari, edadeari, gaitasunei, gizarte-klaseari eta gorputz-aniztasunari jagokenez, estereotipoak edo aurrez definidutako rolak ebitauta.
Lanak bialtzeko, gehienez 1 MB-ko JPG fitxategi bat eta bereizmen handiko (300 ppp) PDF bat aurkeztu beharko dira, 50 cm x 70 cm-ko formatu bertikalean. Kartela sortzeko Adimen Artifizialeko (AA) tresnak erabili badira, nahitaez adierazo beharko da hori, eta erabilerearen mailea zehaztu, betibeere jaubetza intelektualaren eskubideak errespetauta.
Artearen, diseinuaren eta komunikazinoaren arloko 5 kidek osotutako epaimahai batek, Korporazioko 3 ordezkarik, tartean Itziar Urtasun Jai Batzordeko presidenteak; eta Bilboko Konpartsen ordezkari batek 6 kartel hautatuko ditue eta horreek herritarrek botau ahal izango ditue bagilaren 15etik 21era bitartean.
Botazino sistema misto baten bidez egingo da herritarrek 2026ko Aste Nagusiko irudia aukeratzeko parte-hartzea errazteko: aurrez aurreko herri-botazinoa (lekua zehaztu barik), Udalaren webgunearen bidezko online botazinoa eta epaimahaiaren botazinoa.
Barritasuna da herri-botazinoak indar handiagoa izango dauela azken erabagian: herritarren botoek, bai online bai aurrez aurrekoek, % 35eko indarra izango dabe, epaimahaiaren % 30aren aldean.
Bagilaren 23an iragarriko da kartel irabazlea eta 2026ko Aste Nagusiaren irudi ofizial bihurtuko da.
Egileak 3.000 euroko saria jasoko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
