Developpe Dantza Alkarteak Begoña Arroyo Aldekoa eta Ion Beitia omenduko ditu

Bizkaie! 2026-04-28 07:35   Kulturea

2026ko Dantzaren Nazinoarteko Egunean.

Ekitaldia efemeride honegaz batera urteroko hitzordu bihurtzeko asmoz sortu da, Euskadiko jantzearen munduko figura historikoak omentzeko, tradizinoak berreskuratu eta finkatzeaz gan, hareen pasinoa transmitiduten jakin ebenak eta gure emozinoak jantzearen bidez adierazoten erakutsi euskuenak.

Lehen edizino hau apirilaren 29an egingo da Bilboko Guruzu Jatetxean, Manuel Allende, 10 (Konfirmazinoak developpedantza@gmail.com helbidean).

Autortuak izango dira Begoña Arroyo Aldekoa (Bilbo, 1931 - Bilbo, 2025) eta Ion Beitia (Güeñes, 1947 - Bartzelona, 2016). Hitzorduan (19:00retan), jantzari bien familiek oroigarri bat jasoko dabe, hareen ibilbidea, ondarea eta euskal folklorearen babesean zein jantzari belaunaldi barrien prestakuntzan egindako ekarpena goraipatzeko. Holan laburbatu dabe Developpe Dantza alkartearen sortzaileetako bik: Igor Yebra jantzariak eta Jone Goirizelaiak, Ballets Olaetako zuzendariak.

Begoña Arroyo Aldekoa (Bilbo, 1931 - Bilbo, 2025).

Jantzaria eta euskal jantza irakaslea izan zan. 1978an Salbatzaile Dantza Taldea sortzeaz gan, haren bultzadeari esker, 80ko hamarkadan Bilboko eskoletan euskal jantzak erakusten hastea lortu zan. Era berean, Santiago Plazako erromerien eta Olentzeroren desfilearen sustatzaile nagusietako bat izan zan.

Ion Beitia (Güeñes, 1947 - Bartzelona, 2016).

Bizkaitarraren talentuagaitik euskal Nijinsky eizenez ezaguna jantzari entzutetsua izan zan. Haren ibilbidearen zati handi bat New Yorken egin eban jantzari eta bertan geratu zan Ballets Olaetagaz bira batean ibili ondoren.  The Joffrey Ballet ospetsuan be parte hartu eban. baina lesino baten ondoren, Euskal Herrira bueltau zan Leioan bere jantza estudioa sortzeko, eta handik euskal panoramako interprete ezagunak trebatu zituan (Asier Uriagereka, Leire Ortueta, Monica Zamora, Andoni Aresti edo Javier Amo, besteak beste).

Sartzea librea izango da lekua bete arte (baina lekua aurretik erreserbetea eskatu dabe atontzaileek developpedantza@gmail.com helbidera idatziz). Ekitaldiak sektoreko erreferenteen, omenduen senideen eta Developpe Dantzako kideen partaidetzea izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu