Zelan landu eskoletan euskal kulturea transmitiduteko estrategiak?
2026-04-28 10:27 KultureaLoraldia Eskoleak bere 4. topaketea egingo dau maiatzaren 8an.
Hitzordua Mondragón Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadean izango da, Aretxabaletan. Jardunaldiak hezkuntza komunidadeko eta kultura arloko profesionalak batuko ditu galdera nagusi baten bueltan: Zelan landu eskoletan euskal kulturea transmitiduteko estrategiak? Helburuak dira konpartidutako hausnarketea sustatzea eta gaurko hezkuntza errealidadean aplikagarriak diran bideak, tresnak eta aliantzak mahai gainean jartea be.
Jardunaldiaren atontzaileak Loraldia eta Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea dira. Jardunaldia zehatz zuzenduta dago ikastetxeetako zuzendaritza taldeei, normalizazino arduradunei, irakasleei, hezkuntza-erakundeei eta euskerearen erabilerea zein kulturearen transmisinoa sustatzen daben eragileei. Topaketaren balio nagusietako bat da profil asko espazio berean batzea: hezkuntza arautuko profesionalak, unibersidadeko irakasleak, hizkuntza eta kulturearen transmisinoan lanean dabizen arduradunak eta esperientzia zehatzak lantzen dabizen adituak. Helburuak dira alkarrengandik ikasi, sareak indartu eta norberaren testuingurura eroan daitekezan ideak konpartidutea.
Egitaraua: markoa, esperientziak eta tresnak
Ez da planteamendu teoriko hutsa proponiduten, hezkuntzan euskal kulturearen transmisinoa zelan egituratu, zelan aktibau eta zelan sistematizau aztertuko da, esperientzia zehatzenn bidez. Horregaitik, programako saioek balio berezia dabe: bakotxak ikuspegi osogarria ekarriko dau eta guztien artean galdera nagusiari erantzuteko mapa zabalago bat osotzea da asmoa.
Lehen berbaldian, Josune Zabala, Eusko Jaurlaritzako Euskera eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutuko zuzendaria, hezkuntzarako euskal kultureak izan leiken abiapuntu estrategikoaz berba egingo dau. Bere ekarpenak arretea jarriko dau ikastetxeetako zuzendaritzak eta klaustroak ahaldundutzeko beharrean eta euskal kulturea hezkuntza-ereduaren erdigunean kokatzeko jorratzen dabizen bide eta lankidetza-sareetan. Saio horrek marko orokorra eskainiko dau.
Ondoren, Egoitz Urrutikoetxea, Seaskako hezkuntza zuzendariak, Ipar Euskal Herritik datorren esperientzia azalduko dau. Seaskan ikasleen euskera gaitasunak indartzeko martxan jarritako paradigma aldaketeaeren barri emongo dau. Lehen hezkuntzatik lizeoraino programak eta esku-hartze erispideak barrikusi ditue eta saio honetan euskerearen zein euskal kulturearen transmisinoa indartzeko hartutako helduleku nagusiak ezagutuko dira.
Bigarren blokeko lehen ekarpenean, Miren Oteiza eta Miren Basurto irakasleek Ikasgela kulturaz blaitu esperientziaren barri emongo dabe. Saio honen balioa da Bigarren Hezkuntzako praktikatik bertatik abiatzen dala eta mahai gainean jarriko dauela hezkuntzan euskal kulturea transmitidutearen garrantzia.
Ikastaroak erakutsitakoak eta bertatik ataratako ondorioak konpartiduko ditue, beste testuinguru batzuetarako be baliogarriak izan daitekezan gakoakaz.
Jarraian, Karmele Perez eta Letizia Garciak unibersidadean landutako esperientzia aurkeztuko dabe: HUHEZI Kulturala. Ekarpen honen esentzia da kulturearen transmisinoa gaitasun linguistikotik aktibazinora eroateko modua erakusten dauela.
Topaketako azken saio nagusian, Eneko Bidegainek, Idurre Alonsok eta Haizea Galarragak Hezkuntzan Euskal Kultur Planak egituratzeko gakoak eta tresnak aurkeztuko ditue. Bertan ezagutuko da Kulturbide tresnea, ikastetxeetako kultur praktiken diagnosia egin, hausnarketea bideratu eta hobekuntza-proposamenak egituratzen laguntzeko diseinautakoa.
Atontzailleak eta babes instituzionala
Jardunaldiaren atontzaileak Loraldia eta Mondragon Unibersidadeko Humanitade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea dira. Topaketeak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa be badauka. Euskal kulturearen
transmisinoa ez da eragile bakar baten ardurea, hezkuntza, kultura eta erakunde eragileen arteko aliantzetatik indartu beharreko erronka partekatua dala.
Loraldia Eskolea: transmisinoa, sormena eta ibilbidea
Loraldia Eskolearen helburua da euskerazko kultura garaikidea transmitidutea eta ezagutzera emotea, eskola-edade ume eta gazteen artean, ume hezkuntzatik batxilergora, eta hori eskola-orduetan nahiz hezkuntza-curriculumean txertatuta egitea. Proposamenak ez dira molde bakarrekoak: zentro bakotzaren beharretara, egoerara eta ikuspegira egokitzeko ahalegina egiten da.
Gaur egun, Loraldia Eskoleak 7 egitasmoko eskaintzea aurkezten dau: Ttipia, Lorekolore, Airean, 7 Kantu, Lore Jokoak, Kamara Sartu eta Loreak Tailerretan. Programa horren bidez, edade eta hartzaile talde ezbardinei zuzendutako proposamenak lantzen dira.
Loraldiaren aurkezpen-txostenaren arabera, 2017an ekin jakon eta ordutik Loraldia Eskolea 29 ikastetxetan egon da, 59 proiektu landu ditu, 2.600 ume eta gaztetik gora batu eta 50 ikuskizun eta erakusketa publiko baino gehiago sustatu ditu.
Kontua kontu, maiatzaren 8an, goizako 9:30etik 13:00era izango da Loraldia Eskolea. Emon izena hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
