Arantxa Hirigoien alkarrizketatuko dabe asteon Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2026-04-30 11:08   Bertsolaritzea

Axut! kolektiboko kidea da Hirigoien eta, sasoi batean, Hitzetik Hortzerako aurkezlea izan zan.



Larresoroko plazan batu da Hitzetik Hortzerako lantaldea Arantxa Hirigoien Iriartegaz. Axut! Euskal Antzerki Kolektiboko kidea da bera, eta taldeari buruz berba egingo dau Mirari Martiarena Iraolagaz. Sorkuntzea, herrigintzea eta hizkuntza artistikoa ditu ardatz Axut!-ek eta gehiago jakiteko aukerea emongo dau programako gonbidaduak.

Ipar Euskal Herrian sormen tailerrak emoten ibilten da Arantxa Hirigoien gaur egun. Gauzak holan dirala, hezkuntzan sormenak dauen garrantziaz berba egingo dau, baita sormena lantzeak gazten artean piztuten dauenari buruz be; hezkuntza formalean sormenak izan beharko leuken lekuaz be barriketan ibiliko dira.

Gaur egun antzerkian eta sormenaren arloan buru-belarri dabilen arren, txikitatik izan dau du loturea bertsoagaz Arantxa Hirigoienek. Etxean bertsozaleak izan dira beti eta Xanti Iparragirre Perurenaren eskutik heldu zan bertso eskolara. Ondoren, 1999an, Hitzetik Hortzerako aurkezle izan zan: denporaldi bitan ibili zan lan horre Josu Goikoetxea Gezuragaga batera. Sasoi haretako programeari buruz eta lan egiteko moduari buruz be ibiliko dira barriketan Hirigoien eta Martiarena.

Bertso jarriak, Saats Karasatorreren eskutik

Zapatuko programan, Saats Karasatorre Martinez bertsolariaren bertso jarriak entzuteko aukerea izango da. Zeri kantau baneki izeneko sortea egin dau bertsolari etxarriarrak. Emozino bati tiraka egin zituan bertsoak, itomen sensazino bati tiraka: baietz esan eta ondorengo itomenari, hain zuzen. Karasatorrek ondoan izango dau Manex Pagola Apezetxea musikaria, bertsoei musikea jarten.

Durangoko eta Oiartzungo bertsoak

Astero legez bertso saio bitako bertsoak be izango dira Hitzetik Hortzeran.

Durangon, Erika Lagoma Pombar gai-jartzaile zala kantau eben Alaia Martin Etxebestek, Ane Labaka Mayozek eta Miren Amuriza Plazak.

Oiartzun

Su txikian bertso saio literario musikatua egin eben. Bertsotan ibili ziran Andoni Egaña Makazaga, Haira Aizpurua Ibargarai eta Uxue Alberdi Estibaritz; gaiak Alaia Martin Etxebestek jarri zituan eta Patxi Amuletek eta Bastien Marriannek musikau zituen bertsoak.

Hitzetik Hortzera: maiatzaren 2an, zapatuan, 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu