Banakako formatura bueltauko da Señora Sariketea

Bizkaie! 2026-04-20 08:43   Bertsolaritzea

Beste talde batek heldu deutso Señora Sariketeari, filosofia eta oinarriei eutsita.

Banakako formatura bueltauko da Señora Sariketea. Sei bertsolariko kanporaketa bi eta finala izango ditu: Hendaian eta Zizur Nagusian kanporaketak; Plentzian finala, bagilaren 6an. Saio guztiak gaztetxeetan dira.

Astegoienean aurkeztu dabe Señora Sariketaren VI. edizinoa Legazpin, bertso bazkaritan: 12 bertsolarik kantauko dabe eta hiru saio izango ditu; kanporaketa bi Hendaian eta Zizur Nagusian maiatzaren 16an eta 23an eta finala Plentzian, bagilaren 6an. Lehenengo bost edizinotan ibili dan atontzaile taldeak erreleboa emon eta hamar laguneko taldeak hartu dau lekukoa betiko filosofia eta oinarriei eutsiz. Atonlatzaileak eta epaile taldea be barritu ditue eta erispideei eustea erabagi dabe.

Aissa Intxausti da atontzaile taldeko 10 kideetako bat eta zehaztu dauenez, Señora Sariketearen helburua feminismotik beste plaza mueta batzuk sortzea da. Baita dagozan plazak beste ikuspegi bategaz lantzea be. Berplazaratzea izan zan igazko helburua eta aurten plaza modu desbardinean dabizanak batu ditu Señora Sariketeak. Esangura horretan, alkargune izatea dau helburu.

Aurten barriro banaka kantauko dabe bertsolariek

Señora Sariketaren VI. edizino honetan bertsolariek banaka kantauko dabe. Igaz, bertsolarien birplazaratzea zan helburua eta pausu hori errazteko bikotekako formatua erabili eben. Aurten, ostera, buruz buruko planteamendua izango dau eta saio bakotxetik hiru bertsolari pasauko dira finalera.

12 bertsolari kantuan

Maiatzaren 16an eta 23an izango dira kanporaketak eta bagilaren 6an finala. Lehen kanporaketan, June Astegieta, Maider Altuna, Oihana Iguaran, Ana Picallo, Nahia Etxeberri eta Maddi Agirre ibiliko dira kantuan, Baionako Zizpa Gaztetxean, 18:00etan. Bigarrenean, Irantzu Idoate, Antton Fernandez, Kelmene Abaitua, Nahia Sasco, Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga, Zizur Nagusiko Esparru Gaztetxean, 18:00etan. Finala, barriz, Plentziako Danontzat Gaztetxean izango da.

Epai-erispideei eta epaitzeko moduari eutsi egingo jake. Epaile bakoitzak aspektu bat epaituko dau Señoran.

Kamisetak

Kamisetak eskuratu nahi dituanarentzat, Señora Sariketako instagramean dago eskaria
egiteko esteka, eta finalean egingo da horreen banaketea. Egin eskaerak hemen.

Señora bertso-papel lehiaketa barria

Aurtengo edizinoko barritasun nagusienetako bat Señora bertso-papel lehiaketea da. Aukera osogarri lez planteetan dabe. Hiru bertso edo kopla egin behar dira, banaka zein taldeka. Bertso-eskola barrien parte hartzea bultzatzea izan da helburuetako bat. Sorta sarituak finalean kantauko ditue.

Gaztetxetako asanbladakaz elkarlanean

Señora Sariketako VI. edizino hau gaztetxeetan jokatuko da eta atontzaile asanbladakaz alkarlanean ibiliko da zeregin horretan. Gaztetxeak egoera larrian dagozala kontuan izan dabe atontzaileek eta sariketea gune horretan planteetea lehenetsi dau. Atontzaileen eretxiz, Señorak beti izan dau tokiko eragileakaz alkarlana izateko bokazinoa eta aurten bere oso harrera beroa jaso dabe asanbladen partetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu