Gabiriako bertsozaletasuna jorratuko dabe asteon Hitzetik Hortzeran
2026-04-17 09:50 BertsolaritzeaEresti Oiarbide gabiriarra alkarrizketatuko dabe.

Eresti Oiarbide eta Mirari Martiarena.
Bistakoa da herri bertsozalea zala eta dala Gabiria. Eta gai horri helduta, herritar talde batek afizino horrek izan dauen transmisinoa ikertzeari ekin eutson. Ikerketa horren emoitzea da Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian liburua. Talde horretan ibili zan Eresti Oiarbide Murua eta aste honetako Hitzetik Hortzeran aztertutako horreen nondik norakoak ekarriko ditu pantailara.
2021ean Kilometroak Kultur Alkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak esleitutako ikerketa bekea eskuratu eban Oiarbideren eta Maialen Akizu Bidegainen ikerketa proposamenak eta, beraz, ikerketeari ekin eutsen. Programan azalduko dan moduan, Gabirian bertsozaletasuna noiz jaio zan ez dabe topau, baina hainbat kako batu ditu eta horreek, Gabiriako bertsoaren ekosistemea eta erreferenteak lako kontuak jorratuko ditue.
Eta zelan ez, Gabiriako bertsozaletasunari buruz berba egiten hasi eta, nahitaez nabarmendu behar da da Osinalde Saria; 1973an sortu eben eta ordutik Gabiriari eta bertsolaritzeari egiten deutson ekarpenari buruz berba egingo dau Oiarbidek saioan.
Beste alde batetik, Gabiriari buruzko programan, Osinalde Sariko bertsoak be entzungo dira programan eta horregaitik, aurtengo edizinoko bertsoaldiak izango dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Maddi Agirre Epelde izan zan irabazlea eta haren ondoan ibili ziran kantuan Egiar Otegi Torres, Eki Mateorena Zozaia, Haira Aizpurua Ibargarai, Iruri Altzerreka Martinez eta Janire Arrizabalaga Munduate; Ane Etxezarretak egin zituan gai-jartzaile lanak.
Horrezaz gan, Zumaiako bertsoaldiak be protagonista izango dira programan. Urtero legez, Bertso Jaialdia egin eben jaietan eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Andoni Egaña Makazaga, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Maialen Lujanbio Zugasti, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Illarregi Marzol ibili ziran kantuan. Gai-jartzaile lanak, barriz, Jon Maia Soriak egin zituan.
Hitzetik Hortzera, datorren zapatuan, hilaren 18an, gaueko 21:00etan, ETB1en.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
