Aste Nagusiko '39. Bilbao Metal Pop Rock' entzutetsuan parte hartu nahi dozu?

Bizkaie! 2026-04-15 11:08   Musikea

Apirilaren 16an edegiko da izena emoteko epea.

Bilboko Udalak martxan jarri dau 39. Bilbao Metal Pop Rock erakusketea, Aste Nagusiko musika-programazinoaren barruan sendotutako erakusleihoa, tokiko talentua bultzatzeko helburua dauena. Bere 38 edizioetan, Bilboko eta Bizkaiko 600 talde eta/edo bakarlari inguruk egin dabe aurrera erakustaldiari esker.

Izen-emoteko epea eguen honetan, apirilaren 16an, zabalduko da, 10:00etatik aurrera, eta maiatzaren 16an, zapatuan, zarratuko da, 23:59an.

Izen-emotea Bilboko Udalaren webgunean baino ez da egingo eta bertan konsultau ahal izango dira oinarriak be. Parte hartu nahi daben bakarlari eta taldeek Bizkaiko egoiliarrak izan behar dabe edo gitxienez taldekide batek lurralde historikoan erroldauta egon behar dau.

Erakusketeak barriro be genero ugari onartuko ditu: Metal, Pop, Rock, Folk, Rap, Hip Hop, Elektronika... (Jazz-a ez). Aniztasuna sustatzen jarraitzeko asmoz, Epaimahaiak bereziki balorauko ditu emakumeen presentzia daben taldeak eta euskerazko abestiak aurkezten dituenak.

Parte hartu ahal izateko, online inprimaki bat bete eta honako honeek erantsi beharko dira:

  • 4 abesti original (gitxienez 3), mp3 edo wav formatuan.
  • Taldearen edo artistearen argazki bat (jpg, bmp edo png formatuan).
  • Taldearen edo artistearen ibilbide musikala (doc, docx edo pdf formatuan).
  • Hautatutako taldeek zuzenean joko dabe Bilborock Aretoan Bilboko Aste Nagusian.

Kontzertu bakotxak 45 minutuko iraupena izango dau (gehienez 50 minutu) eta gehienez bersino edo moldaketa bi jo ahal izango dira saio bakotxean.

Kazetari eta musika-aditu profesionalek osotutako Epaimahaiak 15 proposamen aukeratuko ditu, eta horreei Villasound 2026 Lehiaketako Aste Nagusiaren Saria irabazten dauen taldea gehituko jake. Kontzertuak eguneroemonaldi bitan izango dira: 20:00etan eta 21:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu