DoSEL proiektua Maltara helduko da
2026-04-13 07:30 KultureaEuropako hizkuntza gitxituetan egindako antzerkiaren nazinoarteko erakusleiho bat eskaintzeko.
Maltak Europako hizkuntza gitxituetan egindako antzerkiaren nazinoarteko kongresua hartuko dau apirilaren 16tik 22ra. Europa osoko artistak, antzerkigileak eta kultur erakundeak herrialdeko uriburuan, Vallettan, batuko dira DoSEL Nazinoarteko Erakustaldiaren bigarren edizinorako. Zazpi egunetan, erakustaldiak Maltako, Esloveniako, Kroaziako eta Estoniako antzerki konpainien lau emonaldi aurkeztuko ditu, bakotxa bere jatorrizko hizkuntzan eta ingelesezko azpitituluakaz. Ikuskizunak Teatru Manoel-en izango dira 16an, 18an, 20an eta 22an.
Ekitaldi honen bidez, DoSEL proiektuak (Drama of Smaller European Languages), Europar Batasunaren Creative Europe programeak babestutako ekimenak, Europako hizkuntza gitxituetan sortutako lan dramatikoen ikusgarritasuna ospatzen eta indartzen dau barriro be.
DoSEL Nazinoarteko Erakusleihoaren bigarren edizino hau, Maltako Arte Eszenikoen Agentzia Nazionalak eta Vallettako Teatru Maltak atonduta, 2025eko martian Kranjen egindako Erakusleihoan ezarritako esparru artistiko, antolakuntzazko eta diskursiboan oinarritzen da, baita urte bereko urrian Ljubljanan (Eslovenia) egindako Satelite Konferentzian be. Horretan, bide batez, Arriaga Antzokiak zeregin garrantzitsua izan eban bere Moto-Membra Jesu Nostri produkzinoa erakutsi baitzeban. Orain, Arriaga Antzokia Maltan egongo da DoSEL proiektuaren inguruan parte hartzen dauen kide eta bultzatzaile legez, ekitaldian zehar hainbat jardueratan parte hartuz. Teatru Manoel-eko emonaldietan oinarritzen dan arren, programeak antzerkigintza tailerrak, egonaldi artistikoak, hitzaldiak, aurkezpenak eta partzuergo bilerak be eskaintzen ditu. Laburbatuz, aurkezpen artistikoa truke profesionalagaz eta ikusleen parte-hartzeagaz buztartzen ditu egitarauak.
Horrezaz gan, erakusketa honek itzulpenaren balioa nabarmendu nahi dau praktika artistiko bizi lez, antzerkigileen, itzultzaileen, drama-aholkularien, interpreteen, ikertzaileen eta publikoaren arteko topaketa esanguratsuetarako aukerak sortuz. Esangura honetan, gogorarazoten dogu hizkuntza gitxituetara edota hizkuntza gitxituetatik itzultzearen auzia DoSEL proiektuaren erronketako bat dala. Horri helduta, adibidez, Arriaga Antzokiak, Etxeparegaz lankidetzan, hizkuntza gitxituetatik antzerki-testuak itzultzeko tailer bat atondu eban Bilbon 2025eko apirilean.
Nazinoarteko lankidetzea
DoSEL proiektua zortzi Europako kultur erakundek gauzatzen dabe eta horreen artean dagoz Bilboko Arriaga Antzokia, Kranjeko Prešeren Antzokia (Eslovenia), Arte Eszenikoen Agentzia Nazionala (Malta), Sala Beckett (Bartzelona), Zagrebeko Kroaziako Antzoki Nazionala (Kroazia), Estoniako Antzoki Agentzia (Tallinn, Estonia), Kosovoko Antzoki Nazionala (Pristina, Kosovo) eta “Ivan Vazov” Antzoki Nazionala (Sofia, Bulgaria).
DoSEL proiektuari buruzko informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
