Lauaxeta Ikastoleak hartu dau asteon Señeak Bizkaia Rock Kanpusa
2026-04-10 07:56 MusikeaBizkaiko 22 gaztek musikea eta aisialdia buztartzen dituan egonaldian parte hartzen dabiz.


Lauaxeta Ikastoleak hartu dau asteon Señeak Bizkaia Rock Kanpusa musikaz eta aisialdiaz betetako egonaldia. 14 eta 17 urte bitarteko Bizkaiko 22 nerabe dabiz parte hartzen, domekatik, musika-praktika eta talde-lanean oinarritutako esperientzia parebakoan. Gaur, apirilak 10, kontzertu handi bategaz amaituko da Zornotza Aretoan, Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzeari esker.
Aurtengo parte-hartzaileak Bizkaiko hainbat herritako musikari gazteak dira —Elorrio, Lekeitio, Gernika, Zornotza, Bilbo, Berriz, Lemoa, Usansolo, Sopela, Otxandio, Mungia eta Getxotik etorriak— eta rol ugari ditue: gitarrista, abeslari, teklista, bateria eta bajista.
Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiak, Señeak alkarteak eta Lauaxeta Ikastoleak atondu dabe alkarlanean. Igaz baino eskaera handiagoa jaso bada be, atontzaileek 22 parte-hartzaileren mugeari eustea erabagi dabe, egonaldiaren kalidadea bermatzeko, Señeak alkarteko arduradunek azaldu dabenez.
Señeak alkarteko Alex Sardui pozik agertu da izandako erantzunagaz: Bizkaian musika zaletasuna eta talentua bizirik dagoz; gero eta eskari gehiago eta maila handia ikusten doguz. Kanpus honek musikeak eskaintzen dituan onurak eta aukerak gazteei gertutik erakustea dau helburu.
Euskera, Kultura eta Kirol diputadu Leixuri Arrizabalagak nabarmendu dauenez, igazko esperientziaren balorazinoa oso positiboa da, gazte, irakasle eta gurasoen aldetik jasotako harrera bikainak erakutsi dau ekimenaren erantzun bikaina. Aurten, esentzia horri eustea izan da gure asmoa baina barrikuntzak gehituta esperientzia arabere aberatsagoa egitea, hain zuzen be.
Zornotza Aretoan azken kontzertua
Apirilaren 10ean amaituko da hau guztiau kontzertu berezi bategaz. Zornotza Aretoan izango da, Udalaren laguntzeari esker. Bertan, aste osoan zehar ikasitako guztia erakutsiko dabe irakasleakaz batera eta euren sormena eta talde-lana erakutsiko ditue kontzertu berezian.
Kontzertua Bizkaiko musika hezkuntza eta sormenak daben indarraren erakusgarri bikaina izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
