II. Organo & Polyphonia Zikloa Getxon

Bizkaie! 2026-04-09 10:12   Musikea

Algortako Bariko San Nikolas parrokian izango dira kontzertuak.

AMOMA-Algortako Merklin Organoaren Lagunen Alkarteak, Getxoko Udalaren laguntzaz, Organo & Polyphonia II. Zikloa atondu dau apirileko, maiatzeko eta bagileko hiru zapatutan egingo da, Algortako Bariko San Nikolas parrokian. Kontzertuak 20:00etan izango dira eta sartzea doban izango da.

Algortako Merklin Organoaren Lagunen Alkarteko presidenteak, Pedro Guallarrek adierazo dauenez, zikloaren helburu nagusia da Bariko San Nikolas parrokiako Merklin organo historikoari balioa emotea, ondare instrumentaleko harribitxia baita, eta haren sonoridadea eta giza ahotsa buztartzea, koru eta interprete bakarlari ezagunen bidez.

  • Lehenengo kotzertua apirilaren 18an izango da eta horretan Bilboko Koral Brahms eta Miriam Cepeda organistea izango dira protagonista, Gorka Sierraren gidaritzapean. 
  • Maiatzaren 16an, Ondarreta Abesbatza, Iñaki Morenok zuzenduta.
  • Bagilaren 6an, Andrés Isasi Musika Eskola Abesbatza, Imanol Ormazaren gidaritzapean. Kontzertu bietan Pedro Guallar izango da organistea.

Algortako Merklin organoa

1908an eregi eben, Parisko Manufacturas de Grandes Órganos J. Merklin Cie tailerretan, Algortako Bariko San Nikolas eleizarako. Sasoi haretan 28.500 pezetako kostua izan eban eta Jose Antonio de Uriarte y Sustachak emon eban. 2019an, parrokiako eleiztar talde baten eta Getxoko Udalaren bultzadeari esker, Alejandro Turanzas organo-maisuak zaharbarritu eban. Estilo erromantikokoa da, haretx egurrez egina dago eta barruan 1.500 hodi baino gehiago ditu eztainuzko eta berunezko aleazinoan eregiak. 56 notatik gorako eskuzko tekladu bi ditu eta 30 notako pedalier bat. Barruan hiru hauspo ditu, animalia-larruzkoak, konponketa horretan erabat barritu diranak, bai eta elikatzen dituan haizagailu elektriko isila be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu