Bertsolari Aldizkariaren 35. urteurrena gogoratuko dabe Hitzetik Hortzeran
2026-04-01 13:09 BertsolaritzeaBeñat Hach Embarek Bertsolari Aldizkariko koordinatzailea izango da aste honetan protagonista.

35 urte igaro dira Joxean Agirre Odriozolak 1991. urtean Bertsolari Aldizkaria sortu ebanetik. Urteurrenaren harian, gaur egungo koordinatzaileagaz batu da Hitzetik Hortzerako lantaldea: Beñat Hach Embarekegaz. Gaur egun, aldizkari bat baino gehiago da Bertsolari Aldizkaria, izan be, urtean ataraten dituen lau aleez gan, www.bertsolari.eus atarian bertsogintzearen ertzak batzen ditue, besteak beste, atarian topau daitekezan lanei buruz berba egingo dau Beñat Hach Embarekek, baita aldizkaria osotzeko egiten dituen lanei buruz be.
Bertsolari Aldizkariak oraintsu aurkeztu dau ABD, bertsolaritzearen alfabetoa izenburuko bideo-podkasta. Komunidadeari begira egindako sorkuntzea da, atal bakotxak letra baten izenburua izango dauena, eta letra horregaz hasten dan kontzeptu baten bueltakoa izango da programea. Aurkezlea Mikele Arizkorreta Renedo aktore eta bertsozalea da eta hilero argitaratuko dabe.
Era berean, Bertsolari Aldizkariaren erronkak eta 35. urteurreneko berezitasunak jorratuko ditue.
Bertsoaldietan, Lezamako Ez da kasualitatea eta Mendaroko Motxaila Eguna
Lezamako Ez da kasualitatea bertso saioko bertsoaldiak izango dira aste honetako programan. Aissa Intxausti Aburruza, Josune Aramendi Perez eta Maddi Ane Txoperena Iribarren ibili ziran bertsotan. Gaiak Maite Berriozabal Berrizbeitiak jarri zituan eta saioko musikariak Araitz Bizkai eta Oihana Landa izan ziran.
Beste alde batetik, Mendaron urtero egiten da Motxaila Eguneko bertso jaialdia eta bertako bertsoaldien aukeraketea be izango da. Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Andoni Egaña Makazaga eta Julio Soto Ezkurdia bertsolariek egin eben bertsotan. Gaiak jarten, barriz, Xeber Loiola ibili zan.
Hitzetik Hortzera, datorren zapatuan, apirilaren 4an, gaueko 21:00etan, ETB1en.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
