Euskal Herriko 7 herrialdetako gazteen mezua Bilbora heldu da

Bizkaie! 2026-03-30 08:27   Euskerea berbagai

Zorionak, Euskal Herria!

Zazpi gazte, herrialdeetatik bana, gure herriko gazte euskaldun eta euskaltzale guztien izenean.

Leire, Elene, Aitzol, Oier, Beñat, Oihana eta Xalbat: Sohüta, Urepel, Tutera, Hendaia, Barakaldo, Gasteiz, Eskoriatzatik... pasau dan gorputz bat egin dozue. Urrats bat eta bestea, aurrekoei jasoa dakarzue ahots barrietan. Esan dozue honaino heldu garela, bai, baina ez garela heldu, aurrera goazela. Eta itaundu deuskuzue: bazatoze? eta erantzuna izan da: bai!

Gazte baina ez horren gazte zareen guztioi, euskaltzale eta euskaldun guztioi, ikasi eta praktikau, praktikau eta ikasi, euskaltegietako ateak zabalik dozuez ze hizkuntzarik ez dauen herri bat ez da herri izango. Euskera gara, euskerearen herria gara. Eta behin eta barriro esan dogu: gure herrian badago guztiontzako lekua. Bardin da zein diran jatorri, azal-kolore edo euskerearen aurreko ezagutzak. Danon artean eregita, azkenean topauko dogu gizarte-zapalkuntza guztietatik babestuko gaituan komunidade bardinzale eta zabala, Euskal Herri euskalduna.

Baina hori dana lortzeko, ezin da euskerearen etorkizuna borondate hutsaren esku itxi. Euskerea eguneroko erabagi bat da, egunero hartzen dogun hautua, egunero aktibetan dogun konpromisoa. Danon ardurea da, herritarrona, eragileena eta instituzinoena. Eta, batez be, ordezkari politikoei jagoke babes-juridiko eta politikoa ziurtatzea, baliabideak eskaintzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Beharrezkoa da euskerea ikastea doban eta irisgarria izatea, euskerearen ezagutzearen unibersalizazinoan urratsak emotea eta erabilerarako espazioak sortzea, garatzea eta alkarlotzea.

Ez gara folklorea, Euskara Gara. Milazak gara, milaka euskal herritarrok esan dogu hamaika egunetan, gitxieneko zein hizkuntza-eskakizun nahi dauen herri honek: Euskal Herri Euskalduna, hori baita gure gitxieneko hizkuntza-eskakizuna.

Mezu kolektiboa eroan dau barruan 24. edizinoko lekukoak. Alkarlanean idatzi dabe zazpi gaztek, Euskal Herriko zazpi herrialdetakoa. AEK-k ez ditu ausaz aukeratu: guztiak euskera dira gaur egun, baina hainbat bide ibili ditue horretara heltzeko, ez baitabe hizkuntzea modu berean jaso. Hori bai, euskerearen etorkizuna jokoan dagoan honetan, ezinbestekoa danean jagokun erantzukizuna geure egitea, Oierrek, Oihanak, Elenek, Beñatek, Aitzolek, Xalbatek eta Leirek badakie zein dan euren ekarpena eta horrexegaitik dira euskerearen Pizkunde barri baten lehen txinpartearen isla.

Mezu-egileak

  • Oier Iñurrieta Garmendia

25 urteko gasteiztarra, irakaslea da eta euskeraz bizi da Gasteizen: Gero eta espazio eta eskaintza euskaldun gehiago ditugu gurean; horreetako bat da Korrika baten harian sortutako Zunba Herrikoia, euskerea oinarri, aisialdi-eredu alternatiboa eskaintzen dauen proiektua da.

  • Oihana Arana Cardenal

Korrikak txoko berezi bat dauka 25 urteko eskoriatzarraren memorian: umezarora naroa, jaioterrira, amaren eskura. Aranaren etxea beti izan da euskalduna eta euskaltzalea, baina badaki bederatzi urtegaz bertso-eskolan hasi izanak oso eragin sakona sortu eutsola nerabezaroan, neure burua euskeraz dala ondorioztatzeko.

  • Elene Mengyu Larrinaga Bilbao

Txinan jaio zen 2003an, eta 11 hilabetegaz heldu zen Barakaldora, gurasoek adoptauta. Euskera txikitatik izan dau presente: “amak Pirritx eta Porrotxen kantuak jarten zituan eta ETB3 ipinten eban, alabok Doraemon ikusteko”. Amarekin joan zan lehendabizikoz Korrikara, 7 urtegaz.

  • Beñat Jusue Rosano

Tuteran jaioa orain 28 urte, Argia ikastolan euskaldundu zan: 16 urtegaz konturatu nintzan ze txikia dan Tutera. Orduan hasi zan, auzoko beste gazte batzuekaz batera, Euskerearen Eguna, gazte-egunak eta bestelakoak atontzen: belaunaldi barriak gerturatzen hasi ziran eta Tuterako jaietan gazteontzako espazio propiorik ez egoala konturatuta, txosnak jarri genduzan.

  • Aitzol Gil de San Vicente Pla

23 urteko ikasle hendaiarra. Donostian jaioa, bertan bizi izan zan 7 urtera arte. Gatazka politikoaren ondorioz heldu zan Ipar Euskal Herrira eta motxiladun umea izan zan. Euskerea dau ama-hizkuntza baina euskerearen aurreko loturea Bernat Etxepare lizeoan sendotu eban.

  • Xalbat Alzugarai Etxeberri

24 urteko urepeldarra, Berria egunkariko kazetaria da Baionako ordezkaritzan. Euskerea etxean jaso eban. Hezkuntza-sistema elebidunean ibili zan 18 urte izan arte: nerabezaroan frantsesak gaina hartu eustan hizkuntzea kasik suntsitzeraino. Hamalau urte zituala, Korrika Urepelenj hasi zan eta horrek lagundu eutson
 etxeko zimenduak barriro eregiten.

  • Leire Casamajou Elkegarai

23 urteko sohütarra, Berria egunkariko Baionako erredakzinoan dabil lanean. Frantsesa dau ama-hizkuntzea, ez amak ezta aitak be ez ekien euskeraz, ni eta ene ahizta-anaiak sortu ginalarik. Haatik, euskeraz izan ez bada be, euskeratik hazi gaitue eta bide horretan jarraikitzen dabe oraindino.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu