Azterketen hizkuntzea estrategikoa da ikasleentzat
2026-03-27 09:37 Euskerea berbagaiSeaskak euskerazko irakaskuntzearen inguruko buruko minak adierazo ditu.

Prentsaurreko honen bidez, Ipar Euskal Herrian euskerazko irakaskuntzearen bilakaereari buruz duben buruko mina helarazo gura dabe.
Hamarkada bitan bilakaera positiboa izan ondoren, euskerazko irakaskuntzearen garapenak gaur egun geldotzea bizi dau. Euskerearen Erakunde Publikoak emondako datuen arabera, 2025-2026 ikasturtearen hasierako datuek euskerazko irakaskuntzearen bilakaerearen moteltzea agirian itxi dabe, sare guztietan. Botere publikoek 2050erako euskaldunen kopurua 40.000 personetan handitzea helburu daben arren, batez be, hezkuntzatik etarateko hiztun osoak formatuz, baliabideak ez dira adierazitako helburuen parean.
Ipar Euskal Herriko biztanleria urtez urte etenbarik hazten dabilen bitartean, 2025eko iraileko ikasturtearen hasieran, ikasleen kopurua bajau da irakaskuntzan, baita hiru sare elebidun eta sartze-ereduko lehen hezkuntzan be (publikoa, pribatua, Seaska): 2024ko irailean 10.821 ikasle lehen hezkuntza elebidunean ziran, eta 2025ean 10.709 ikasle (- 112 ikasle). Porzentajea eusten bada be (2024an % 44,6; 2025ean % 44,8), ikasle kopuruaren jatsierea buruko mina da gure hizkuntzearen etorkizunerako.
Bigarren hezkuntzako ikastetxeen mailan, sare publiko eta pribatuko ikastetxe elebidunek baliabide eta borondate faltea sufriduten dabe euskerazko Diziplina Ez Linguistiko barriak edegiteko. Ikasleen % 22,5ek bakarrik segiduten dabe ordutegi parekideko edo sartze ereduko irakaskuntzea. Batxilergoari jagokonez, euskerazko irakaskuntzearen datuak apur bat gora egin daben arren, ikasleen % 14,4 baino ez dira, eta aurreko ikasturteagaz alderatuta beherakadea agiri da (2024. urtean % 14,8). Datu horreek ez dabe ahalbidetzen botere publikoek 2050erako gura daben hiztunen % 30era heltzeko espero dan bilakaerea.
Egia da joera hori jaiotza-tasen beherakadeak marketan dauela, baina baita Hezkuntza ministeritzaren borondate falteak be, euskerazko irakaskuntzeari baliabide kuantitatibo eta kualitatibo barriak emoteko. Ahalegin handiak egin behar dira lehen hezkuntzatik kolegioetara, eta kolegiotik lizeora aldaketea hobetzeko.
2019ko Blanquer erreformara arte, Batxilergoko Historia-Geografia eta matematikako probak euskeraz egiteko aukerak lizeo publiko eta pribatuetan diziplina ez linguistiko horreen irakaskuntzea euskeraz jorratzeko aukerea eskaintzen eban. Baxoan hizkuntza gitxiagotuen erabilerea galarazo izanak, kontrako efektua sortu edo ez dau ahalbidetu DNLak euskeraz jorratzea. Gainera, -Hizkuntza eta kultura erregionala- Euskera Berezitasunaren sorrerak ez dau esperotako emoitza izan.
Hezkuntza ministroak, Edouard Geffrayk, autortu eutsen Ipar Euskal Herriko parlamentariei urtarrilaren 12an 2019ko lizeoaren erreformak hizkuntza gitxituen bizkar izan dituan ondorio pesimistak. Hausnarketea iragarri eban eskualdeko hizkuntzetan esparru espezifikoa zehazteko... baina 2027rako, ez lehenago...
Jean Marc Huart errektoreak, 2025eko apirilean Bordeleko Akademiara heldu bezain pronto, ondokoa ohartarazo eban: -ikasleen % 44k jarraitzen dabe irakaskuntza elebiduna lehen hezkuntzan Ipar Euskal Herrian, % 24k kolegioan eta % 10ek lizeoan. Zelan pasau gaitezkean gaur egun piramidala dan bilakaera batetik zeoze zilindrikoagora, ikasleek ikasketekaz jarraitu deien kolegioan eta ondoren lizeoan-.
Bestalde, apirilean Euskal Herrira egindako bisitan adierazo eban: garrantzitsua da euskeraz ikasten daben ikasleek azterketak hizkuntza horretan egin ahal izatea eta euren ikaskuntzea baloratua izatea azterketetan. Holan, Euskal Herriko prentsa osoaren aurrean -aurrerapenak- agindu zituan azterketen gaiari buruz. Gaur egun, barriz, ez da holakorik gertatu.
Berbetatik ekintzetara
Azterketen hizkuntzea estrategikoa da ikasleentzat. Debekatzea, mespretxu seinalea da ibilbide elebiduna edo sartze eredua hautatu daben ikasle eta irakasleentzat be. Hizkuntza politikan atzerapausua da. Senatariek, Max Brisson eta Karine Danielek, Molac legeari buruzko euren txostenean ondokoa proponiduten dabe: -gura daben ikasleei aukerea emotea baxoko matematikako frogea eskualdeko hizkuntzan egiteko, baita aukera hori berezitasunetara edo ahozko handira zabaltzea be-. Txosten hori aho batez onartu eban Senatuko Kultura Batzordeak 2025eko urriaren 15ean.
Horregaitik, guk, irakaskuntza publiko, pribatu, elebidun eta sartze ereduko ikasleen gurasoen alkarteok, eskatzen dogu baimendu deiela esperimentazino bezela Baxoko matematikako frogea euskeraz egiteko aukerea, 2026ko bagilean ezartzen danetik bertatik, 2027ra itxaron barik. 2012tik 2019ra holan izan zan eta ez dago gaur egun debekatzeko arrazoirik. Era berean, eskatzen dogu gura daben ikasleek Ahozko Handiaren zati bat euskeraz egiteko aukerea izan deiela bagilean, epaimahai elebidunak atonduz.
Seaska heldu dan apirilaren 2an Bordelen errektoreagaz batzekoa da. Espero dogu Euskal Herrian aho batez egindako eskaera honeek Bordelen eta Parisen entzungo dirala, eta errektoreak emondako berbea beteko dauela: Hitza Hitz, Baxoa Euskaraz!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
