Errenta autorpena euskeraz egiteko dei egin dabe UEMAk, udalek eta hainbat erakunde publikok

Bizkaie! 2026-03-27 07:48   Euskerea berbagai

​Herritarrek administrazinoagaz dituen hartu-emonak euskaraz izatea da asmoa.

Datorren astetik aurrera, errenta autorpena euskeraz egiteko kanpainea jarriko dabe martxan UEMAk eta hainbat erakunde publikok, alkarlanean, izan be, lurralde bakotxeko foru ogasunaren arabera datak, webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diran arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horreetan euskerearen aldeko hautua egitea da aurten be kanpaina honegaz UEMAk eta udalek lortu nahi dabena.

2025eko ekitaldiko errenta eta ondarea autortzeko kanpaineari ekingo deutse Hego Euskal Herriko foru ogasunek apirilaren lehen egunetan. Horregaz batera, UEMAk, bertako kide diran udalakaz eta foru ogasunakaz alkarlanean, errenta autorpena euskeraz egiteko kanpaiena egingo dau aurten be, herritarrek administrazinoagaz dituen hartu-emonak euskeraz izan daitezan bultzatu nahian. Errentea euskeraz egiten dauen herritarren kopurua gorantz doa urtetik urtera baina oraindino be errealidade soziolinguistikoak erakusten dituan datuetatik urrun dago eta horretan eragin nahi dabe kanpaina honegaz UEMAk eta udalek, herritarrei administrazinoagaz be euskeraz egin deien.

Araban eta Gipuzkoan apirilaren 7an hasiko da errentea autortzeko epea. Nafarroan apirilaren 9an, eta Bizkaian apirilaren 15ean, autolikidazino proposamenak eta internet bidezkoak egun batzuk lehenago egin daitekezan arren tokian tokiko ogasunen egutegiaren arabera. Guztietan, bagilaren amaiera aldera arte egin ahal izango dira autorpenak.

Alde handiak lurralde batetik bestera

UEMAk udalakaz eta hainbat erakunde publikogaz alkarlanean bideratzen dau errentea euskeraz egiteko kanpainea, eta foru ogasun, eskualde edo udal alkarte bakotxak moldatzen dau bere beharren arabera. Mezu orokorra berbera da kasu guztietan, baina foru ogasun, eskualde edo udal alkarte bakotxak bere errealidade soziolinguistikoaren arabera moldatzen ditu kanpainea eta mezua, baita udal bakotxak jagokozan datu eta bilakaereagaz. Horreek azaltzeko, besteak beste, Errenta autorpena euskeraz goiburuko kartel orokorra eta azalpen kartela jarri ditu eskura UEMAk, nork bere arabera moldatzeko aukereagaz.

Gipuzkoan, aurten bere, Ogasunagaz euskeraz leloa erabiliko dau aldundiak, eta UEMAk be holaxe gehituko dau Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.

Egoera soziolinguistikoa, ostera, ez da herritarren joerea erakusten duaen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errentea euskeraz egiten dabenen artean. Dana dala, udalerririk euskaldunenetan egiten dira autorpen gehien euskeraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diran arren lurralde batetik bestera.

Gipuzkoan, esaterako, Orexa (% 71), Zerain (% 69), Amezketa (% 61), Ataun (% 60) eta Abaltzisketa (% 60) dira igaz euskeraz errenta autorpen gehien egin zituen herriak, ehunekoetan.

Bizkaian, barriz, Amoroto (% 27,9), Mendexa (% 23), Aulesti (% 22), Ispaster (% 18,7) eta Gizaburuaga (%16).

Nafarroako Foru Ogasunak ez ditu emoten herriz herriko datuak, baina UEMAri jakinarazo deutsonez, UEMAko kide diran Nafarroako udalerri guztiak % 0 eta % 10 bitarteko portzentajeetan dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu