Martxoak 3 Alkartea, Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2026-03-19 08:10   Bertsolaritzea

Gasteizko Martxoak 3 Alkarteak jantziko deutso txapela 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunari.

 
Nerea Martinez Alkarteko kidea eta Uxue Diaz de Cerio Arabako Bertsozale Alkarteko eragilea izango dira aste honetako Hitzetik Hortzerako konbidaduak. Aramaioko eta Andoaingo bertsoaldiekaz osotuko da programea.

Gasteizko Martxoak 3 Alkarteak jantziko deutso txapela 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunari. 50 urte pasau dira jazoera horreetatik eta Arabako Bertsozale Alkarteak autortzea egin nahi izan deutso, txapela jarteko eurei eskatuta. Hitzetik Hortzerak Nerea Martinez alkarteko kidea alkarrizketatuko dau, urteurrena gogoratzeaz gan, gaur egun dituen lanez eta erronkez berba egiteko.

Martinezena ez da alkarrizketa bakarra izango. Uxue Diaz de Cerio Aizpeolea Arabako Bertsozale Alkarteko sustapen eragileagaz be batuko da Mirari Martiarena Iraola. Diaz de Ceriogaz aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketeak emon dauenaz berba egingo dabe, baita, martiaren 28an Gasteizen egingo dan finalari buruz be.

Aramaioko finalaurrekoko eta Andoaingo jaialdiko bertsoaldiak, ikusgai

Arabako Bertsolari Txapelketeagaz jarraituz, Aramaion jokatutako Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan kantautako bertsoak entzungo dira programan. Peru Abarrategi Sarrionandiak irabazi eban saioa eta holan finalerako zuzeneko txartela eskuratu eban. Abarrategigaz batera bertsotan ibili ziran Andere Arriolabengoa Bengoa, Danel Herrarte Nafarrete, Martin Abarrategi Sarrionandia, Sabin Abarrategi Sarrionandia eta Xabi Igoa Eriz; gai-jartzaile lanak Lierni Altuna Ugartek egin zituan.

Bestalde, Andoainen egindako Sahararen aldeko bertso saioko bertsoaldiak be izango dira aste honetan. Saioa Imanol Artola Arretxe Felixek gidatu eban eta bertsotan ibili ziran Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Aitor Mendiluze Gonzalez, Eneritz Artetxe Eizagirre, Joanes Illarregi Marzol, Maddalen Arzallus Antia eta Oihana Iguaran Barandiaran.

Hitzetik Hortzera: zapatuan, hilaren 21ean, gaueko 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu