Hamalau establezimendu autortu ditue euskerearen erabilerea sustatzeko egindako lanagaitik

Bizkaie! 2026-03-18 09:03   Euskerea berbagai

Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako negozioak dagoz tartean.

Eskertza ekitaldia Bermeoko Toki Alai tabernan egin dabe eta bertan izan dira hiru udalerrietako alkate eta udal ordezkariak, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiko euskera zuzendari nagusi Isaac Amezaga be.

Autortza horren bidez, udalek eskerrak emon deutsee sarituei euskerearen alde erakutsitako konpromisoagaitik eta eguneroko jardunean hizkuntzea bultzatzeko egindako ahaleginagaitik. Azpimarratu dabenez, tokiko establezimenduek zeregin garrantzitsua dabe herritarren hizkuntza-ohituretan eragiteko eta hareen inplikazinoa oinarrizkoa da euskerearen presentzia eta erabilerea indartzen jarraitzeko.

Danetara, 70 establezimendu inguruk parte hartu dabe Eskueran egitasmoan, eta ekitaldian gehien nabarmendutako hamalau negozioak saritu ditue:

  • Sukarrieta: Toña taberna.
  • Mundaka: La Leñera taberna, Donde Alejo barria taberna eta Izarzugaza harategia.
  • Bermeon: Toki Alai taberna, T Kimua te denda, Balea kafetegia, Mailur lentzeria, GuZuBio denda, Mertzeria 95, Julita lentzeria, Seine ume eta gazteen moda, Amatxu denda eta Gabilondo farmazia.

Ekitaldiaren helburua izan da egindako lana autortzea eta parte hartu daben establezimenduei eskerrak emotea. Atontzaileek nabarmendu dabenez, jakitun gara oraindino bide luzea dagoala egiteko —establezimendu batzuetan beste batzuetan baino gehiago—, baina garrantzitsuena pausuak emoten hastea da. Esangura horretan, bide onetik doazen establezimenduen lana autortu nahi izan dabe eta aldi berean Euskeraz barra-barra ikurra ezagutarazoten jarraitu.

Eskueran egitasmoaren bidez, hiru udalerriek tokiko merkataritzea, ostalaritzea eta enpresetan euskerearen erabilerea sustatu eta bide horretan tokiko establezimenduek egiten daben lana eskertu eta balioan jarri nahi izan dabe. Udalek nabarmendu dabenez, tokiko enpresa eta establezimenduen inplikazinoa ezinbestekoa da euskerearen normalizazinoan aurrera egiten jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu