Somak taldeak 'Eskuz Esku' abestia kaleratu dau
2026-03-18 08:19 MusikeaGaur, hilak 18, aurkezpen kontzertua eskainiko dabe Iurretako Abadetxean.
Somak rock talde bizkaitarrak Eskuz Esku aurrerapen abestia kaleratu dau. Rock klasikoa oinarri dauen abesti horrek aurreko belaunaldi eta gizartearengaindik oinordekotzan jasotako jarrerea eta dogmekaz apurtzeko saiakerea kontetan dau.
Abestia, Paula Eguskizak zuzendutako eta Mario Larrinagak muntatutako bideoklip bategaz kaleratu dabe, Otxandio eta Diman grabauta.
Eskuz Esku laukote bizkaitarraren hurrengo lanaren aurrerapena da. Lekuko Bakarrak izenburuagaz, sei kantuz osotutako albuma izango da eta apirilaren 23an kaleratuko da plataforma digital nagusietan, baita formatu fisikoan be.
Iluna Argitu euren aurreko lana definiduten eban soiltasun eta indarragaz jarraituz, lan barri hau osotzen daben abestiak gitarreroagoak eta jorratuagoak dira, estilo, erritmo eta soinu testurak buztartuz.
Jurgi Taboadaren esku egon da produkzinoa eta Zumaiako Ozen Estudioetan grabau dabe, 2025eko urria eta 2026ko urtarrila bitartean.
Kontzertuak
Eskuz Esku aurrerapen abestia eta Lekuko Bakarrak lana aurkezteko kontzertu berezi bana prestau ditu taldeak Iurretan eta Bilbon.
Gaur, hilak 18, Iurretako Abadetxean (Aita San Migel plaza 10) aurkezpen kontzertua egingo dabe arratsaldeko 19:00retan.
Bestalde, apirilaren 22an Lekuko Bakarrak lanaren entzunaldi esklusiboa atondu dabe Bilboko Bira Kulturgunean (Erronda kalea 2).
Somak
Somak 2023. urte amaierean sortu zan pop-rock taldea da. Hasierean, Haizea Larrosak etxeko bakardadean idatzi zituan doinu eta berbei formea emoteko helburuagaz hasi zan martxan taldea, baina denporeak aurrera egin ahala, laukote moduan funtzionetan dabe.
Ondoko honeek dira Somak taldeko kideak: Haizea Larrosa (abeslaria, teklistea eta gitarristea), Eneko Alaba (bateria eta koruak), Unai Ibañez (gitarristea eta koruak) eta Eneko Diez (bajua eta koruak).
2025eko maiatzean lehenengo lana argitaratu eben: Iluna Argitu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
