Manolo Kabezabolok emongo deutso hasierea Lekuek Festibalari

Bizkaie! 2026-03-16 13:32   Musikea

Martiaren 25ean hasiko da Gernikako Lizeo Antzokian.

Badator 2026ko Lekuek Festibala. Martiaren 25etik 29ra, Gernika musikearen, kulturearen eta sormen independenteen topagune konbertiduko da. Halanda ze, kontzertuak, aurkezpenak, dokumentalak, tailerrak, DJ saioak eta kale ekimenak buztartuko ditu.

Festibalaren ezaugarri nagusietako bat herri osoa eszenatoki konbertidutea da. Holan, ekitaldiak hainbat lekutan banatuko dira, besteak beste: Lizeo Antzokia, Astra, Iparragirre, Kult Parnasoa, Aterpe, Gaztetxea, Libera, Pasilekue, Alai eta Zeppelin.

Musika programazinoak estilo eta jatorri askotako artistak batuko ditu. Kartelaren izen nabarmenen artean dagoz Mourn, indie-rock eta post-punk eszenako talde sendoenetako bat; Olaia Inziarte, euskal musikearen ahots bereizgarrienetako bat; Guadalupe Plata, blues eta rock gordineko erreferentea; Xiberoots, reggae eta euskal sustraiak buztartzen dituan taldea; eta Janus Lester, azken urteetan euskal eszenan indar handiz agertu dan proiektua.

Horreez gan, festibalean ondoko honeek parte hartuko dabe: Barrrk, Sistema de Entretenimiento, Caballo Muerte, Campamento Rumano, Aposapo, Akëer, Saguxar, Konpost, Nestter Donuts, Skanderani, Taghufi, Vuelve Ferralla, Kolpeka, Katiuskak, baita Pelma & Luis Selektorrak, Gaizka Insunza eta Lua Matheus & Rodrigo Mota. Holan, programazinoak rocka, punkea, reggaea, psikodelia, elektronikea edo fusino garaikideak buztartzen ditu.

Festibala martiaren 25ean hasiko da Lizeo Antzokian, Manolo Kabezabolo musikaria protagonista izango dauen saio berezi bategaz. Bertan proiektatuko da Si todavía te kedan dientes es ke no estuviste ahí dokumentala eta ondoren artistak kontzertu akustikoa eskainiko dau.

Musikea ezeze, gogoeta eta kultur topaketak be izango dira. Martiaren 28an, kazetari eta musika ikertzaile Nando Cruzek Microfestivales liburua aurkeztuko dau, Koldo Otamendigaz (Kojo). Saioa publikoaren aurrean grabauko dan podcast formatuan egingo da eta ondoren Saguxar musikariaren kontzertua izango da.

Horrezaz gan, kalean egingo diran ekimenak be izango dira, besteak beste Broken Brothers Brass Band taldearen kalejirea, swing jantza saioak, disko eta arte azokea eta Libera × Ttakun Kontrakultura × Makabra kolektiboek atondutako Esnatzea ekitaldia. DJ saioek, tailerrek eta bestelako jarduerek be osotuko dabe asteburuko programazinoa.

Guztira bost eguneko egitaraua izango da, dobako ekitaldiak eta sarrera bidezko kontzertuak buztartuko dituana. Festibaleko bonoak eta sarrera solteak eskuragarri dagoz hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu