Martiaren 2an edegiko da Bertso Udalekuetarako izena emoteko epea
2026-02-26 11:07 BertsolaritzeaGuztira lau txanda atonduko ditue, garagarrilean.

Udea urrun dagoan arren, daborduko planak egiten hasteko garaia da. Halanda ze, martiaren 2an edegiko da Bertso Udalekuetarako izena emoteko epea.
Lehenengo epe horretan bertso-eskolako kide diran gazteentzat edota gurasoetako bat Bertsozale Alkarteko bazkide dabenentzat egongo da aukerea. Goizeko 11:00etan hasiko da izen-emotea hemen. Txandak, izen-emote ordenaren arabera beteten dira, beraz, joan gura izan ezkero, lehenbailehen izena-emon.
Lehen epealdia martiaren 15era arte egongo da edegita. Ondoren, beteteko geratzen diran txandakaz bigarren izen-emote epea edegiko da gainerakoentzat martiaren 18tik (goizeko 11:00etan hasita) apirilaren 13ra bitarte.
Edozein zalantza edo galdera izan ezkero, deitu edo idatzi Bertsozale Alkartera: 943694129 / aisialdia@bertsozale.eus
Lau txanda, garagarrilean
Bertso Udalekuetako gazteak leku bitan alkartuko dira aurten: 9 eta 11 urte artekoak Zuhatzako islan (Uribarri Ganboan, Araba); gainerako hiru txandak, barriz, (12-13, 14-15 eta 16-18 urte artekoak) Getadar aterpetxean (Ezprogi, Nafarroa). Lau txandak garagarrilean izango dira. Informazino gehiago hemen.
Eusko Jaurlaritzeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dabe Bertso Udalekuen egitasmoa eta Irizarrek laguntzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
