Bitor Garitaonandia omentzeko ekitaldi ugari Zaldibarren
2026-02-19 08:03 KultureaHaren jaiotzearen 150. urteurrenean.
Zaldibarko Udalak eta Gerediaga Alkarteak askotariko ekitaldiak atondu ditue euskaltzale, konpositore, idazle eta euskaltzain urgazle entzutetsua ohoratzeko. Martian zehar, musikari, literatureari eta euskereari lotutako ekitaldiak hartuko ditu Zaldibarrek.
Aurten, 150 beteten dira zaldibartar ilustrea jaio zanetik eta 50 urte ha azkenengoz omendu ebenetik. Gauzak holan dirala, martian zehar askotariko ekitaldiak egingo dira Zaldibarren, Garitaonandiari gorazarre egitea helburu. Omenaldi moltsoko lehenengoa Garitaonandiaren ibilbidea ezagutarazoteko erakusketea izango da. Liburutegi zaharrean egongo da ikusgai martiaren 5etik 15era eta, besteak beste, panel informatiboak, Garitaonandiak idatzitakoak eta partiturak egongo dira ikusgai. Erakusketearen edegierea martiaren 5ean izango da, arratsaldeko 19:00retan.
Martiaren 6an, Garitaonandiaren omenezko lehenengo ipuin lehiaketako sari banaketea egingo da. Abendutik urtarrilera jokatu zan eta 8-12 urte bitarteko ume zaldibartarrek parte hartu eben. Danetara, 38 ipuin aurkeztu dira eta orain, sariak banatzea baino ez da falta. Ekitaldia ospitale ondoko kapilan egingo da, 18:30ean.
Biharamunean, martiaren 7an, Euskaltzaindia Zaldibarrera etorriko da. Euskerearen Akademiako kideek eta udal ordezkariek jentaurreko batzarra egingo dabe udaletxean, 12:00etan, euskaltzain urgazle izan zanari gorazarre egiteko. Bide batez, Joseba Sarrionandia idazleak bilera hori erabiliko dau Bitor Garitaonandiaz eta Zaldibarko literaturaz berba egiteko.
Omenaldia musikeagaz amaituko da, Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko dau-eta Olazarko frontoian, martiaren 14an izango da, 19:30ean. Sarrerak zezeilaren 23tik martiaren 6ra egongo dira salgai, bost euroan, udal liburutegian.
Eneritz Azpitarte alkateak esan dauenez, martia zaldibartar emonkorraren ekarpenak gogoratzeko eta ohoratzeko hilabetea izango da, euskerea, musika konposizinoa, literaturea, kazetaritzea eta ondarea. Garitaonandiak argi izpi zabala ekarri eban dana egin barik egoen garaian. Ameslaria izan zan, eta bete-betean asmau eban martxan jarritako proiektu bakotxa jentarteratzen. Ezinbestekoa dogu haren figurea merezidu bezela ohoratzea. Joandakoetatik ikasteko, aurrera begiratzeko, eta gure herrikide ilustre honi merezidu dauen lekua eskaintzeko.
Gotzon Gomezek, Gerediaga Alkarteko presidenteak, Garitaonandiaren lana jasotea,ikertzea eta zabaltzea garrantzitsua dala azpimarratu dau: Durangaldeko eta Euskal Herriko joandakoa sasoietako ondare da Garitaonandiaren ekarpena, Euskal Pizkundearen garaiko ezinbesteko piezea. Halan da be, ha gogoratzeko egingo dogun ariketeak etorkizunerako pistak be emon leikez, Euskal Herrian euskerarako pizkunde barri bat aldarrikatzen gagozan aldi honetan.
Zaldibartar emonkorra
Bitor Garitaonandia Ariño 1876ko martiaren 6an jaio zan Zaldua plazako Zapatarikoa etxean. Euskaltzalea izan zan, musika konpositorea, tenorea, antzezlanen idazlea eta euskaltzain urgazlea. Musikearen arloan, Zamorako katedraleko maisu tenore izan zan, eta Donostiako Orfeoia handitzen lagundu eban XX. mendearen hasieran. Euskalgintzako eremuan, Argia* astekariaren sorreran parte hartu eben beste hainbat euskaltzalegaz, eta sasoi haretan idatzitako euskerazko hainbat antzezlan eta ipuin liburu. 1925ean, euskaltzain urgazle izentau eban Euskaltzaindiak. Era berean, euskera estandarraren bultzatzaileetako bat izan zan. Handik urte gitxira hil zan Donostian, 1929ko irailaren 3an.
*Garitaonandiak sortu eban Argia 1921etik 1936ra Donostian editetan zana da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
