Laboratorium Museoa emakume zientzialarien eta hezkuntzearen arteko topagune

Bizkaie! 2026-02-12 08:00   Kulturea

Irabazlea San Martin Agirre ikastetxeko LUK taldea izan da.

Sariaren irabazleak Ainhoa Lete alkarteorde eta zinegotziagaz eta Rosa Errazkin museko zuzendariagaz. | Ikusi handiago | Argazki originala

Laboratorium Museoa emakume zientzialarien eta hezkuntzearen arteko topagune bihurtu da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Egunean. Zientzia emakumeona be badala aldarrikatuz, emakume zientzialari erreferenteak emon dira ezagutzera Emakume Zientzialarien IV. Lehiaketan. Genero bardintasunari buruzko gogoeta egin da museoan.

Ainhoa Lete Bergarako Udaleko alkarteorde, Bardintasun eta Laboratorium Museoko zinegotziak eta Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak banatu deutsee aurtengo sariak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei. Zientziagaz olgetan hasita emakume zientzialari erreferenteak izateagaz egiten dabe ames.

Laboratorium Museoa bardintasunagaz, hezkuntzeagaz eta dibulgazino zientifikoagaz erabat konprometiduta dago. Gaur egun berezia da zientziaren arloan lanean gabizen emakumeontzat baina guk, geure eguneroko jardunaren bidez egunero jarten dogu praktikan gaur egiten dan aldarria. Zientzia emakumeona be badalako, nabarmendu dau museoko zuzendariak.

Bergarako Udaleko alkateorde, Bardintasun eta Laboratorium Museoko zinegotziak, Ainhoa Letek zehaztu dauenez, bardintasuna eta zientzia eskutik joan behar dira. Zuek ez zarie etorkizuneko zientzialari hutsak: gaurdanik zabize ekarpenak egiten, topakuntza txiki baina esanguratsuen bidez, galdera ausartak planteau eta konponbideen gaineko gogoetak egiten. Zuek egiten dozuen lanak bidea zabaltzen dau beste neska askok be zientziaren munduan euren lekua ikusteko, eta hori oso aberasgarria da bergararrontzat.

Emakume Zientzilarien IV. Lehiaketea

Inoizko parte-hartze handiena izan dau eta, danetara, 84 ikaslek 23 lan aurkeztu ditue. Proiektuak askotarikoak izan dira, bai formatuari, baita gaiari jagokonez be, zientziaren eta ikerketako hainbat arlo jorratuta.

Marie Curie, Lise Meitner, Hedy Lamarr, Margarita Salas, Valentina Tereshkova, Elena Garcia, Ana Zubiaga, Uxue Lazkano lako emakume zientzialariak bilakatu ditue protagonista ikasleek, tokikoak zein mundu mailakoak. Zientziaren bitartez mundua aldatzen daben eta aldatu daben emakumeak.

Kontuak kontu, irabazlea San Martin Agirre ikastetxeko LUK taldea izan da: Unai Guillon Iñarra, Kattalin Cenitagoya Apraiz, Luisana Antolino eta Lier Nin. Lanak Uxue Lazkano zientzialari bergararraren alkarrizketea dau erdigunean. Aurtengo edizinoak, marka guztiak hausi ditu eta lehiaketea erreferentziazko ekimen legez finkatu da.

Laboratorium Museoak genero bardintasunagaz, hezkuntza zientifikoagaz eta belaunaldi barrien inspirazio-iturri izango diran emakumezko erreferenteen sustapenagaz dauen konpromisoa indartu dau.

Mundua aldatu zuten eta aldatzen duten emakumeak aldi baterako erakusketea bisitetako azken eguna datorren zezeilaren 15a, domekea, izango da. Euskadiko Parke Teknologikoak sustatutako erakusketea, Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan kokatzen da.

Erakusketeak zientziaren eta teknologiaren historiako zein egungo emakume erreferenteak jarten ditu erdigunean, emakumeek gizartearen aurrerapenean egindako ekarpenei ikusgaitasuna emonez. Joandakoak eta oraina buztartzen dituan ibilbide baten bidez, askotan ikusezin bihurtu diran lanak balioan jarri eta belaunaldi barrientzat erreferenteak sortzea dau helburu.

Aszken buruan, Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan, datorren martiaren 12an, goizeko 10:00etan, Seminarixoan, Etorkizuneko industria inspiretan daben emakumeak izeneko mahai-ingurua egingo da, Laboratorium Museoak eta Enpresarek alkarlanean atonduta. Barriketaldak industrian emakumeek daben zeregina, sektoreko egungo erronkak eta industria anitzago eta inklusiboago baten alde erreferente femeninoak sortzearen garrantzia izango ditu ardatz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu