Nahia Olivares eta Lide Romanek Euskadiko Ikasleen Orkestran joko dabe

Bizkaie! 2026-02-11 07:42   Musikea

Durangoko Bartolome Ertzilla Konserbatorioko ikasleak dira biak. 

Aurton be, Durangoko musikari gazte bik parte hartuko dabe Euskadiko Ikasleen Orkestran (EIO). Bartolome Ertzilla Musika Konserbatorioko ikasle diran Nahia Olivares biolinistea eta Lide Roman biolanistea hautatu ditue aurtengo edizinoan orkestrako kide izateko.

EIO Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatutako ekimena da. Urtero, Euskal Herriko gazte musikariak alkartzen ditu lan egiteko eta eszenatokiak partekatzeko.

Nahia eta Lidek zezeilaren 1ean Bilboko Konserbatorioan egin zan hautaketa-probea gainditu eben. Bertan, Euskal Herriko hainbat herritatik joandako ikasleek hartu eben parte, eta, horren ondorioz, Durangoko ikasle bien ahalegina eta maila nabarmendu ziran.

Orkestrearen topaketea apirilaren 5etik 10era egingo da. Egun horreetan zehar, parte-hartzaileek errepertorio tekniko eta anitza jorratuko dabe, Aaron Copland, José María Usandizaga eta Antonín Dvořák lako artisten lanekaz. Topaketearen aurretik, martiaren 15ean, entsegu orokorra egingo da Bilbon.

Guztira, hiru kontzertu eskainiko ditue uriburuetan: Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga Konserbatorioan, Gasteizko Jesús Guridi Konserbatorioan eta Donostiako Musikenen, Euskal Herriko goi-mailako musika-zentroan. Kontzertuen data eta ordutegi zehatzak laster iragarriko ditue orkestrearen webgunean: https://eioorkestra.com.

Durangoko Udaletik eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolatik Nahia eta Lide zoriondu gura ditue. EIOko esperientziari esker, ikasten jarraitzeko, bizipen barriak izateko eta musika beste gazteekaz partekatzeko aukerea izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu