160 proposamen X. Musika Bulegoa Sarietan
2026-01-27 13:29 MusikeaEuskal Herrian sortutako musikea sustatzea dabe helburu.
Jasotako proposamenek lurralde, estilo eta formatu-aniztasun handia erakusten dabe. Jatorriari jagokonez, proiektuen % 42,5 Gipuzkoatik heldu dira, ondoren Bizkaitik (% 30,6), Nafarroatik (%13,8), Iparraldetik (% 7,5) eta Arabatik (% 5,6).
Aurkeztutako lan muetei jagokenez, disko osoek osotzen dabe proposamenen erdia baino gehiago (% 51,3). Ondoren datoz abesti bakarreko lanak (% 16,9), EP edo iraupen laburreko diskoak (% 12,5) eta zuzeneko lanak (% 10). Era berean, idatzizko obra musikalak (% 3,1), soinu-bandak (% 1,9) eta beste formatu batzuk (% 4,4) be aurkeztu dira.
Musika estiloen atalean, pop-rocka da nagusi (% 25); ondoren, alternatiboa/indiea (% 10,63); eta folk–world (% 10,63). Nabarmena da, era berean, musika klasiko garaikidearen presentzia (ia % 9), baita musika elektronikoa (% 7,5) be. Gainerako proposamenak beste estilo eta fusino batzuen artean banatzen dira.
Hizkuntzei jagokenez, euskerea da nagusi (% 68,1); gaztelania (% 11,9) eta % 7,5 lan instrumentalak dira. Gainerakoek beste hizkuntza batzuk edo formatu eleanitzak buztartzen ditue.
Genero-erispidean, barriz, proiektuen % 50,6 emakumeek gidatutakoak edo emakumeek osotutakoak dira; gainerako % 49,4, barriz, ez da genero-erispiderik ezarri, deialdian parte-hartze orekatua islatuz.
Musika Bulegoa Sariek hainbat autortza emongo ditue:
- 8 sari, epaimahai profesional batek aukeratuak.
- EHMBE Ohorezko Saria, Euskal Herriko Musika Bulego Alkartearen Zuzendaritza Batzordeak emona.
- Etxepare Euskal Institutua Musikearen Saria, Etxepare Euskal Institutuak hautatua, nazinoarteko eta kanpo-proiekzino erispideak kontuan hartuta.
- Publikoaren Saria, herritarren parte-hartze dauena.
Sariak emoteko ekitaldia bagilaren 4an izango da, Biarritzeko Atabal Aretoan.
X. Musika Bulegoa Sariek barriro berresten dabe aniztasuna, kalidadea eta musika-sorkuntzearen ikusgarritasunagaz daben konpromisoa, sektorearen ezinbesteko hitzordu bezela sendotuz.
Musika Bulegoa Sariak Musika Bulegoa Alkartearen ekimena da. Euskal Herrian sortutako musikea sustatzea dabe helburu. Ondoko honeek dira babesle nagusiak: Eusko Jaurlaritzako Kulturea eta Hizkuntza Politika Saila, Laboral Kutxa eta Bizkaiko Foru Aldundia. Era berean, Etxepare Euskal Insitututa babesle bezela parte-hartzen dau; eta, SGAE Fundazinoa eta Atabal Aretoa dira laguntzaileak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
