Maialen Hiribarrenek jantziko deutso txapela Xilabako irabazleari
2026-01-21 10:36 BertsolaritzeaFinala, urtarrilaren 31an izango da, Donibane Lohizuneko Jai Alain.
Uztaritzen, Bertsularien Lagunak Alkarteko bulego barrian, aurkeztu eben Xilaba Bertsolari Txapelketea, Bideek bidea izenpean. Finala, barriz, Donibane Lohizuneko Jai Alain izango da, urtarrilaren 31n, 17:00etan.
Ortzi Idoate Bertsulari Lagunak Alkarteko sustapeneko kideak adierazo dauanez: berretsita geratu da Xiberua, Lapurdi eta Baxenafarroko bertsolaritzea momentu onean dagoala, bai bertsogintzearen aldetik, baita zaleen aldetik be.
Zemendian, 24 bertsolarik emon eutsen hasierea txapelketeari. Horreetatik sei heldu dira finalera:
- Aitor Servier.
- Elixabet Etxandi.
- Irantzu Idoate.
- Maddalen Arzallus.
- Maddi Ane Txoperena.
- Miren Artetxe.
Lehen aldiz, bost emakume izango dira finalean eta gizonezko bakarra, Aitor Servier. Batez besteko edadea 29 urteko da. Sei bertsolariak, Seaskako ikastoletako ikasleak izandakoak dira eta finalerako gogotsu dagozala adierazo dabe.
Maialen Hiribarrenek jantziko deutso txapela txapeldunari
Maialen Hiribarren (Itsasu, 1957) izango da txapela jarriko deutsona irabazleari. Prentsaurrekoan ondokoa autortu dau: ohore handia da. Ni bezela lanean dabizenei eskaintzen deutset txapela.
Bertsularien Lagunak Alkartean 15 urtez bolondres lanetan ibili da Hiribarren. Alkartea osotzen eta indartzen upealako lana egin dau, gaur egungo ardatzei hauspoa emoten, batez be, transmisinoari. Lehen bertso eskolen sustatzaile eta sortzaileetako bat izan da, baita Seaskako irakaslea be, erretiroa hartu arte.
Bidelagunei eskertzea
Xilaba txapelketa atontzeko eta holako ekitaldiak egin ahal izateko, Bertsozale Alkarteko bazkideak eta bolondresak ezinbestekoak dira. Bertsozale Alkartearen oinarrian dago boluntariotzea eta txapelketa horren ispilu eta erakusleihoa da.
Ondoko honeek eskertu gura ditue: herriko etxeak, jatekoa eta edatekoa eroan daben ikastoletako eta alkarteetako arduradunak, gai-jartzaileak, epaileak eta txapelketa posible egin daben guztiei. Beraz, bertsozale guztiak finalera konbidadu ditue.
Sartzeak bertsosarrerak.eus webgunean dagoz salgai.
Hitzetik Hortzeran be, protagonista
Xilabako finalari begira jarriko da Hitzetik Hortzera zapatuan. Beraz, Maialen Hiribarren Iriart alkarrizketatuko dabe.
Umetatik bertsozalea izan da Hiribarren eta Seaskan irakasle zala hasi zan Bertsularien Lagunak Alkartean laguntzen. Askotan aitatu dan isilpeko lanean ibili izan da eta lan horreei buruz ibiliko da Mirari Martiarenagaz. Horrezaz gan, Ipar Euskal Herrian bertsolaritzeak bizi dauen loraldiaz eta bertso eskolen sorrereak eta egindako lanek izan daben garrantziaz be berba egingo dabe. Hiribarrenek gertutik bizi izan zituan Iparraldeko bertso eskolen mobimentuaren hasierak, beraz, Xilabaren sorrerea eta bilakaerea be berbagai izango dabe.
Bardozeko eta Ondarroako bertsoak
Aste honetan bertso saio bi entzuteko aukerea izango dabe Hitzetik Hortzeran. Batetik, Xilabako Bardozeko bigarren finalaurrekoa izango da entzungai: Maddi Ane Txoperenak Iribarren irabazi eban. Horrezaz gan, ondoko honeek ibili ziran kantuan Aitor Servier Etxexuri, Irantzu Idoate Funosas, Karlos Aizpurua Etxarte, Patxi Iriart Hiribarren eta Ramuntxo Christy Biscay. Gai-jartzaile lanetan Ekhi Erremundegi Beloki ibili zan.
Bestetik, Ondarroako Erregetako jaialdiko bertsoaldiak be izango dira programan. Iñaki Lersundi Arrizabalagaren esanetara ibili ziran kantuan Joanes Illarregi Marzol, Jone Larrinaga Dañobeitia, Nerea Ibarzabal Salegi eta Unai Agirre Goia.
Hitzetik Hortzera: zapatuan, urtarrilaren 24an, gaueko 21:00etan, ETB1en.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
