Labayru Fundazinoak 'Labayru Gramatika' argitaratu dau bizkaiereari buruz
2026-01-19 12:15 Euskerea berbagai
Urteetako ikerketa eta lanaren emoitzea da orain sarean aurkeztutakoa, edonorentzat eskuragarri. Bertan, bizkaierearen ezaugarri morfologiko, sintaktiko eta ortotipografikoak batzen dira, bizkaierea hobeto ezagutu eta erabili ahal izateko, prestigioa emoteaz gan.
Gramatikako edukiok era askotakoak dira, tartean, deklinabidea, aditza, graduatzaileak, postposizinoak, perpaus edo esaldi muetak... Lehendik be badagoz beste gramatika batzuk baina norentzat da lagungarria Labayruren gramatikea? Berez euskerea darabilen edo euskeraz idatzi nahi dauen edonorentzat. Bizkaitarrok batzuetan dudea daukagu: hau batuaz ondo esanda ete dago? Bizkaieraz ondo badago euskera ona da. Baina bizkaieraz desbardinak diran egiturak bere badagoz eta kasu horreetan bizkaierearen eta batuaren arteko aldeak zeintzuk diran azaldu da.
Beste batzuetan bizkaieraz idatzi gura eta horretan be, aditza dala, lotura-berbak dirala... Bizkaieraz jarduteko orduan sortu daitekezan dudak argitzeko lekua da gramatika hau.
Lan honen asmoa testua sortzeko eredu eta baliabideak eskaintzea izan da, idatzizko iturririk esanguratsuenak eta gaur egungo hiztun jatorrek darabiltezan egiturak kontuan hartuta. Idatzizko iturriei besteko lekua emon jako ahozkoari.
Gramatika honek mendebaldeko euskerea edo bizkaiera estandarra finkatzen dau, beti bere euskera batuagaz lokarriak ugariagoak eta estuagoak izan daitezan.
Gramatikako kontzeptuen deskribapen edo azalpenakaz batera, adibideak jarri dira beti, egitura bakotxa bere erabilera-testuinguruan kokatzeko. Gainera artikulu bakotxean oharrak, proposamenak, galderak... egiteko aukerea dago.
Hasierako orrian azalpen labur batzuk dagoz, barruan dagoanaren aurrerapen moduan. Gehienetan dudea eragiten daben gaiak dira. Holakoak aldian-aldian argitaratuko dira, eta bertan ugaritu.
Lan honen oinarria aspaldian liburu moduan argitaratutako Euskeraren Jarraibide Liburua: Lehenengo pausuak (2001) eta Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburua: Bigarren pausuak (2005) dira. Ordutik lanean jarraitu izan dogu, eta orduko edukiak ugaritu egin dira.
Egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeagaz egin da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
