'Baxoa Euskaraz': manifestazinoa urtarrilaren 24ean, 15:00etan Baionako Xaho Kaian

Bizkaie! 2026-01-19 07:40   Euskerea berbagai

Berba ederrez harago, ekintzak behar ditugu eta berehala!

Hautetsiak eta Euskerearen Erakunde Publikoko ordezkariak baikor bueltau dira Pariseko bilkuratik. Blanquer ministroaren Baxoko erreforma, hizkuntz gitxiagotuak kontuan hartu barik egin zala autortu ei dau Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak. Baxoan, hizkuntza gutxiagotuak kontuan hartuko dituan aldaketak aztertzeko prest agertu ei da. Baina aldaketak, izatekotan, 2027 urtean egingo litxatekez.

Azken urte bitan 7 Hezkuntza ministro izan dira. Frantziako egoera politiko ezegonkorra ikusita, noiz arte iraungo ete dau gaur egungo Hezkuntza ministroak? Elisabeth Bornek be aldaketak egiteko borondatea erakutsi eban joan dan irailean, baina zeozer egiteko astirik barik, lekutu edo baztertu egin eben.

Ministroak eta errektoreak ondokoa adierazo dabe: aurrera pausuak emoteko borondate ona badabe, bagilean gitxienez Matematikako azterketa barria euskeraz egiteko posible egin behar dabe. Matematikako azterketearen aginduak ez dau azterketaren hizkuntzea zein dan zehazten, beraz ez da lege edo erreglamendu aldaketarik egin beharrik. Nahikoa da zuzentzaileak elebidunak izan daitezan ziurtatzea. Errektoreak eta EEPk, hiru sareetan lanean dabizen matematikako irakasle euskaldunen zerrendea badabe. Brebetarendako egiten daben bezela, nahikoa da zuzentzaile elebidunak deitzea.

Euskalzaleak, familiak, herritarrak eta hautetsiak euren desadostasuna adierazo deien nahi dogu eta horretarako urtarrilaren 24ko hitzordura joan daitezan animetan ditugu.

Azken asteetan euskerea eta euskal kulturearen kontrako erasoak etenik bakoak dira: EEPren aurreko kontuak mugatzea, Euskal Kultur Erakundearen aurreko kontuak murriztea, auzitegietan euskeraz berba egiteko debekua, euskal hedabideen finantziazino murrizketearen mehatxuak, prefetak edo estatuko ordezkariak Ipar Euskal Herriko hautetsiei bialdutako gutuna. Euskereari Trabarik Ez!

Badakigu manifestazino bat 10 eguneko epean atontzea arriskutsua dala. Baina euskerak aurrera egitea nahi badogu, holako hitzorduen aurrean ezin da huts egin, eta danon ahalegina ezinbestekoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu