57 taldegaz hasiko da Herriartekoa
2026-01-19 08:51 BertsolaritzeaHirugarren aldia izango da Gipuzkoan taldekako txapelketa egiten dana.
Inoiz baino parte hartze handiagoa iragarri dabe eta datorren astean hasita 100 saiotik gora izango dira herrialde osoan. Aurkezpenean Herriartekoan parte hartuko daben taldeetako ordezkariak izan dira; Maider Arregi, Imanol Artola "Felix" eta Andoni Rekondo parte-hartzaile eta atontzaile taldeko kideek emon dituzte aurtengo txapelketako zehetasunak.
Taldekako txapelketeak, banakakoakaz alderatuta, emoitza desbardinak dakarz; banakako txapelketak norbanakoen arteko lehian oinarritzen dira. Bertsogintzea modu kualitatiboan hazteko baliogarriak dira, jakina, bertsolari bakotxa dauen onena emoten saiatzen baita. Taldekakoan, barriz, helburuak bestelakoak dira. Eskualde mailan, bertso eskolen arteko saretzea eragingo dauen txapelketea izango da. Gaur egun plazetan kantetako aukera gitxi daben bertsolarientzat txapelketa erakargarria izango da. Generoaren ikuspegitik emakume eta genero disidenteen parte- hartzea sustatu da. Taldekako txapelketen ezaugarria izaten da beti belaunaldi artekotasuna eta aurtengo parte-hartzaileei arretea jarrita nabarmena da hori. Bertso komunidade osoa batuko dau txapelketeak: bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak, atontzaileak zein bertsozaleak bat eginda ibiliko dira saioak atontzen eta oraindino bertsoa heldu ez dan espazioetara heltzen saiatuko da herriartekoa.
Honakoa izango da Taldekako txapelketa honen taldekatze eredua. Talde bakotxak bost partaide izango ditu, gitxienez. Hiru bertsolari: saioetan hiru edo lau bertsolarik abestuko dabe baina taldean kide gehiago be izan daitekez. Gai-jartzaile eta epaile bana be izan beharko dabe taldeek. Eta ordezkari bat be badabe batzeko, komunikazino edo atontze lanak egiteko.
Danetara, 57 taldek hartuko dabe parte herriartekoan, 350 persona ibiliko dira aurrez aitatutak eginkizunak egiten. Aurreko Herriartekoetan, 24 eta 38 taldek emon eben izena hurranez-hurran, eta kopuru aldetik goranzko jauzia nabarmena izan da.
Faseei jagokenez, lau fasetan banatuko da Herriarteko Txapelketea: lehen fasea, bigarren fasea, finalaurrekoak eta finala.
Zortzi eskualde lehen fasean
Lehen fasea izango da, akaso, bereziena egitureari erreparauta. Gipuzkoako zortzi azpieskualde banatu dira faseak jokatzeko: Buruntzaldea, Urola, Urola-kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa.
Fase honetan, eskualdeka zein muetako fasea atonduko dan erabagi dabe eskualde mailako antolatzaile eta taldeetako ordezkariek. Eskualde bakoitza izango da beraz fasearen sortzaile eta arduraduna. Eskualdeka talde atontzaileak sortu dira eta alkarren arteko lankidetzan sortu eta atonduko dira faseak. Fase hau urtarrilaren 18tik martiaren 28ra jokatuko da.
Hile bi eta erdian 100 saio inguru atonduko dira Gipuzkoako geografia guztian zehar. Saio honeek atontzeko talde parte-hartzaileek alkarlana egin beharko dabe herrietako beste eragileakaz, besteak beste, alkarte, denda, taberna, kultur etxe, udal eta bestelakoakaz.
Herri eta eskualde bakotxak bere errealidadeari erantzungo deutso eta bakotxak bere ezaugarri eta errealidade soziolinguistikoari erantzunez atondu ahal izango dau fasea eta horreetatik zortzi talde nagusituko dira, eskualde bakotxetik bana.
Fase honetan ia 40 bertsolari ibiliko dira lehen aldiz oholtzan eta beste horrenbeste lagun ibiliko dira atontzen eskualde mailan.
Lehen fasearen ostean, bigarren fasea jokatuko da, lau saiogaz. Lehen fasean irabaziko daben zortzi talderen artean jokatuko dira saio honeek eta eskualde bakotxak izango dau talde ordezkaria.
Zortzi talde horreetatik 4 sailkatuko dira final-aurreko saioetara. Saio bi jokatuko dira fase honetan, areto handiagoetan.
Finala maiatzaren 30ean, Aian.
Finalaren egunak lehen fasearen esentziari eutsiko deutso eta bertso-bazkari erraldoi formatuan planteauko da. Finala baino gehiago, bertsolaritzearen jaia izango da, alkargunea.
Azken faseetarako txartel guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian izango dira salgai martian.
Gipuzkoako Herriartekoa jarraitzeko www.bertsozale.eus webgunera batuko da informazino guztia, Herriartekoaren atarian: www.bertsozale.eus/gipuzkoa-herriartekoa-2026. Sare sozialetan, Gipuzkoako Bertsozale Alkartearen profilen bitartez egingo jako segimendua, #herriartekoa traolea erabiliko d.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
